Euskarazko murgiltze eredua eta eredu elebiduna duten ikastetxeak gutxiengo izatetik gehiengo izatera pasa dira Ipar Euskal Herrian hogei urteotan, Euskararen Erakunde Publikoaren azterketak erakutsi duenez.
Seaska, eskola publikoak eta ikastetxe katolikoak, hiru sareak hartu ditu kontuan EEP erakundeak Frantziako Gobernuaren Hezkuntza Ministerioarekin batera egindako lanak. 2004-2024 epea izan dute aztergai.
Datuak argiak dira. Lehen Hezkuntzari erreparatuta, irakaskuntza elebiduna eskaintzen duten eskolen eta herriarteko eskola elkargoen proportzioa %34tik %66ra igo da hogei urteotan; ikastetxe katolikoen kasuan, %50etik %67ra. Euskarazko murgiltze eredua jarraitzen duen Seaskak berriz, hamahiru ikastola berri zabaldu ditu bi hamarkada hauetan (gaur egun, 33 ikastola ditu denera).
Laburrean, hiru sareak kontuan hartuta, murgiltze eredua eta eredu elebiduna eskaintzen duten ikastetxeak %42 izatetik %71ra igaro dira Lehen Hezkuntzan. Beste era batera esanda, frantsesezko eskola elebakarrak 2004an %58 izatetik gaur egun %29 izatera igaro dira (guztira 65 ikastetxe).
Kolegio eta lizeoetan ere, euskarak aitzina
Bigarren mailan, gaur egun 41 kolegioetatik 32tan irakaskuntza elebiduna eskaintzen dute (publikoan 18tik 15ek, katolikoan 18tik 12k, eta Seaskako 5ek). Lizeoei dagokienez, 15 zentroetatik 12tan dago eredu elebiduna (publikoan 7tik 6tan, katolikoan 7tik 5ean, eta Seaskako bakarrean). Frantsesez baino irakasten ez dutenak, hortaz, gutxiengo dira.
Ikasle kopuru eta proportzioei begiratuta, oraindik frantses elebakarreko ereduan ikasten dutenak dira gehiengo
Aldiz, ikasle kopuru eta proportzioei begiratuta, oraindik frantses elebakarreko ereduan ikasten dutenak dira gehiengo. Lehenengo Hezkuntzan, eredu elebidunean diren ikasleen kopurua %43,6koa da gaur egun, eta frantses elebakarrekoa %56,4koa. Hori bai, hogei urteotan, murgiltze edota elebidun ereduan diren ikasle kopurua asko igo da: 5.930 izatetik 10.821 izatera igaro dira, alegia %82,5 egin du gora.
Bigarren Hezkuntzara goazelarik, kolegioan irakaskuntza elebiduna segitzen duten ikasleen kopurua %10,2koa zen 2004an, eta %25,2ra igo da 2024an. Lizeoan, %6,6 baino ez ziren duela bi hamarkada elebitan ikasten zutenak, eta %14,8 dira gaur egun.
Azkenik, ama-eskolen erradiografia. Hogei urtetan, 32 eskola publikok eta 11 eskola katolikok murgiltze eredua ireki dute ama-eskolan.
Kazetak zintzilikatu du azterketa, osorik.