argia.eus
INPRIMATU
Bi Goya sari eskuratu ditu Esti Urresola laudioarrak, herrikideen berotasuna lagun
  • Esti Urresolak bi Goya sari eskuratu zituen bart. Gazako herritarrak eta Laudioko bizilagunak izan zituen gogoan bere hitzartzean. Hirugarren sari bat ere jaso zuen 20.000 especies de abejas filmak.

Aimar Gutierrez Bidarte Aiaraldea @aiaraldea 2024ko otsailaren 12a
Esti Urresola Goya saria eskutan, eta Gazaren aldeko pegatina paparrean. / Premios Goya

Zuzendari hasi berri onenaren eta gidoi onenaren Goya sariak esku artean dituela itzuli da etxera Esti Urresola zinemagilea. Duela urtebete Berlineko Nazioarteko Zinema Jaialdian abaitutako bide arrakastatsuan mugarri berria jarri du Urresolaren lehenengo film luzeak. Zuzendariak lortutako bi sariak ez ezik, hirugarren estatuatxo bat ere etxeratu zuen 20.000 especies de abejas filmak, Ane Gabirainek irabazitako aktore onenaren Goya saria.

Inoizko aipamen gehienekin abiatu zen Urresolaren lan-taldea Valladolideko sari banaketara; hamabost. Espainiako Zinema Akademiak, ordea, Juan Antonio Bayonaren La Sociedad de la Nieve goraipatu du gehien, tartean, film onenaren sariarekin.

Gazako sarraskia gogoan

Esti Urresolak Palestinako herritarrak izan zituen gogoan bere lehenengo hitzartzean, paparrean Gazaren aldeko pegatina bat jantzita zuela.  Urresolak azaldu zuen gauzei dagokien izena emateak duen garrantziaz jarduten duela 20.000 especies de abejas filmak; eta, modu berean, Israelek Gazako herritarren aurka darabilen sarraskiari ere genozidioa deitzea eskatu zuen. 

Babesa Laudiotik

Zinemagile laudioarrak herrikideen babesa eta berotasuna jaso zuen bart. Urresolak berak Laudioko bizilagunen berotasuna eskertu zuen gidoi onenaren saria jasotzerakoan. Hain zuzen ere, Laudioko Udalak sari banaketa ekitaldia zuzenean jarraitzeko pantaila erraldoia jarri zuen Alberto Acero enparantzan, eta Urresola animatzeko milaka pegatina banatu zituen herritik. Asko eta asko izan ziren ere, bere burua erlez mozorrotu zutenak, tartean ostalari eta komertzio ugari.