argia.eus
INPRIMATU
Bi gizonezko atxilotu dituzte Iruñerrian, sexu-erasoa egotzita
  • Burlatako jaietan adin txikiko bat erasotzeagatik atxilotu dute bat, eta epaileak espetxean sartzeko agindua eman du. Bestea, abuztuaren 25ean 22 urteko neska bat erasotzeagatik atxiki dute baina urruntze agindua ezarri eta aske utzi dute.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko abuztuaren 29a
Uztailaren 1ean Ermitagaña auzoan gertatutako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea / Argazkia: Iruñerriko Itaia

Sexu-erasoa egotzita atxilotu dituzte bi gizonezko azken egunetan Iruñerrian. Bata Burlatako jaietan jazo da; adin txikiko bat erasotzea egotzita espetxean sartzea erabaki du epaileak. Polizia-iturriek jakinarazi dute, atxiloketa asteburuan izan arren egun batzuk zeramatzatela Burlatako jaietan, abuztuaren erdialdean, gertatutako sexu-erasoa ikertzen.

Bestea abuztuaren 25ean gertatu da, goizaldeko 3:30ak aldera. Salatzailearen arabera, lo geratu zen ibilgailuan eta esnatzean ohartu da 61 urteko gizona erasotzen ari zitzaiola. Bere nortasuna ezagutzen duenez ordu batzuk geroago atxilotu dute erasotzailea. Guardiako epaitegiaren esku utzi eta behin-behinean aske uztea erabaki du, emakumearengandik urruntze agindua ezarrita.