Arrangoitzeko Herriko Etxeak legea bete du azkenean. Auzapezak sexu bereko bi pertsona ezkontzeari uko egin ostean, herriko hautetsi batek ezkondu ditu Guy Martineau-Espel eta Jean-Michel Martin.
Frantziako Parlamentuak otsailean onartu zuen sexu berekoen ezkontza baimentzen duen lege proiektua. Maiatzaren 18an jarri zen indarrean, eta handik hamaika egunera egin zen Frantziako Estatuko lehen ezkontza homosexuala, Montpellierren.
Maiatzean, Guy Martineau-Espelek eta Jean-Michel Martinek Arrangoizeko herriko etxera jo zuten, ezkontza tramiteak abian jartzeko. Jean Michel Colo auzapezak, ordea, ez zuela legea beteko esan zuen. Erregistro zibila itxi zuen, bi gizonek ezkontzeko eskaria egin ez zezaten. Marc Allet apezpikuak, Manif pour Tous mugimenduak eta eskuineko zenbait auzapez eta hautetsik erabakia txalotu zuten.
Aldiz, Frantziako Gobernuak adierazi zuen legea urratzen duen oro zigortu egingo duela. Arrangoizeko hautetsi batek legea beteko zuela esan zuen orduan, eta hark ezkondu ditu bi gizonak.
Bestalde, bikoteari sostengua adierazi diote, besteren artean, Les Bascos LGTB elkarteak, EH Bai alderdiak, LAB eta CGT sindikatuek eta hainbat talde feministek. Hain justu, inguru euskaldunetik jaso duten babesa eskertzeko, ezkontzeko unean euskaraz hitz batzuk esan dituzte Martineau-Espelek eta Martinek, frantses hiztunak diren arren.