argia.eus
INPRIMATU
Bi gizon atxilotu dituzte Galdakaon, sei adingaberi sexu erasoak egitea egotzita
  • Polizia-ikerketa zabalik dago eta atxilotuei konfiskatutako material informatikoa eta gailu elektronikoak aztertzen ari dira. Ertzaintzak uste du biktima gehiago egon daitezkeela. Antza, "opariak" ematen zizkieten trukean.

Ainara Rodil Jaime 2024ko otsailaren 15

Gizonezkoek 37 eta 21 urte dituzte, eta adingabeei sexu erasoak egitea eta adingabeen intimitatearen aurkako delituak leporatu dizkiete. Horietako bat joan den azaroan atxilotu zuten, eta epailearen aurretik igaro ostean, urruntze agindua jarri zioten; beste gizona, berriz, otsailaren 14ean atxilotu zuten. 

Oparien truke

Adierazi dutenez, gertakari horiek 2023ko otsailean hasi ziren. Ertzaintzak jakin duenez, adin txikikoei sexu erasoak egiten zizkieten, eta opariak ematen zizkieten trukean. Batzuetan adingabeak behartu egiten zituzten bi gizonezkoek elkarrekin eta bi gizonezko horiek beste adingabe batzuekin izandako “sexu topaketak” ikustera. Gainera, zenbaitetan, grabatu ere egiten zituzten.

Ikerketa oraindik zabalik dago, eta, azaldu dutenez, oraingoz sei adingabe izan dira erasoen biktima. Halere, Ertzaintzak uste du biktima gehiago egon daitezkeela, eta eskatu du salaketak jartzeko.