Larunbatean atxilotu dituzte biak, bata Bilbon eta bestea Portugaleten. Astelehenean elkarretaratzea egingo dute, inauterietako asteburuan jazotako talde bortxaketa gaitzesteko.
Larunbat goizaldean jazo zen lehen erasoa, Portugaleten. 36 urteko gizonezkoak emakumea jo eta bortxatu egin zuen, erasotuaren etxean. Segurtasun Sailaren arabera, gizonak sexu harremanak izan nahi zituen, eta emakumeak ezezkoa eman ondotik, bortxatu egin zuen. Sexu erasoa egiteaz gain, hainbat kolpe era eman zizkion.
Emakumeak SOS Deietara deitu zuen, eta gizonak etxetik alde egin zuen orduan, jaka ahaztuta. Bertan zeukan identitate agiria. Ertzaintzak larunbat arratsaldean atxilotu zuen, eta epailearen aurretik pasa ostean, espetxeratu egin zuten igandean.
Bilbon gertatu zen bigarren erasoa, larunbat iluntzean, Trauko kalearen inguruetan. Gizonak emakume bat jo zuen, eta ostean etxean giltzapetu, labana batekin. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak esku hartu ostean, atxilotu egin zuten.
Pasa den astean jakin zenez, inauterietako asteburuan adin txikiko emakume bati sexu erasoa egin zion gizonezko talde batek, Solokoetxe inguruetan.
Erasoa gaitzetsi eta autodefentsa feminista aldarrikatzeko, Kalamiak Alde Zaharreko Gazte Talde Feministak kontzentrazio zaratatsua deitu du astelehenean, 19:00etan Zumarraga plazan.