argia.eus
INPRIMATU
Frantziar estatua utzi beharrean dira igandean Hazparnen atxilotu zituzten bi etorkinak
  • 21 eta 26 urteko bi gazte atxilotu zituzten Hazparnen, fiskalaren aburuz egoera “irregularrean” egoteagatik. Arratsaldean atzeman zituen poliziak, eta goizeko 1:30ak aldera askatu zituzten. Urtebete daramate etxe batean bizitzen, eta nortasun agiririk ez duten arren, jaiotze-agiriak eta mediku-laguntza baimenak badituzte. Komisaldegitik irten aurretik agiri bana eman zieten, esanez 45 egun dituztela herrialdea uzteko.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko azaroaren 12a
Argazkia: @Aintzinagazte

“Gizartean integratzen ari dira, eta ez dira ezkutatuta bizi”, adierazi du Xarlo Etxezaharreta hazparnearrak gaur goizean Euskadi Irratiko faktoria saioan, etxean hartu zituen gizonak. Mamadou eta Alassane izena dute 21 eta 26 urteko Boli Kostan jaiotako bi gazteek. Jende gehiagorekin batera Gurutze Gorriak Mediterraneoan salbatu ondoren iritsi ziren Granadara, eta bertan ekin zioten bien helburua zenari, Frantziara igarotzeari. Etxezaharretak urtarrilaren hasieran hartu zituen etxean.

Samuel Simon Vuelta Baionako prokuradoreak Mediabask hedabideari baieztatu zioenez, “jendarmeek jarduera susmagarria zutelakoan gelditu zituzten, eta pertsona horiek ez zuten nortasun paperik, beraz, era irregularrean ziren frantziar lurraldean, eta komisaldegira eraman zituzten beraien egoera argitze aldera”. Xarlo Etxezaharretaren alabak hedabide berdinari azaldu zioenez, bi migrante horietarik bat bizikletaz zihoala ikusi zuten jendarmeek, bere atzean joan ziren kotxez etxeraino eta bertan paperen kontrola egin eta atxilo hartu zituzten biak. Behin albistea herrian zabalduta berrehun pertsona inguru bildu ziren komisaldegiaren kanpoan, Mamadou eta Alassane askatzeko eskatuz.

Hilabete t'erdi baino ez

Jendarmeek agiri bana eman zien, zeinak frantziar estatua uzteko agintzen dien. Zehazki, "Frantziara etorri aurreko herrialdera itzuli" behar dutela dio agiriak, hots, Espainiara. Hartara, atxilotuak izan ziren komisaldegira joan beharko dute astero, estatua definitiboki uzteko erabakia hartzen dutela jakinarazi arte. Horretarako, gehin jota, 45 egun dituzte.

Xarlo Etxezaharretari egindako elkarrizketa, Euskadi Irratian: