argia.eus
INPRIMATU
Bi gazte atxilotu ditu Ertzaintzak Araban
  • Topatu.eus atariak jakinarazi duenez, bi gazte atxilotu ditu Ertzaintzak Araban, Gasteizen bata eta Amurrion bestea, eta haien etxeak miatzen ari da.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 07a
Galder Barbado 2016an atzeman zuten lehenbizikoz. Irudian, aske geratu zen unea. / Aiaraldea

Aitor Zelaia da Gasteizen atxilotutakoa, eta Galder Barbado Bonilla amurrion atzeman dutena, Aiaraldea Gaur webguneak jaso duenez.

Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz egin dituzte atxiloketak. Datozen orduetan eramango dituzte Madrilera deklaratzera.

Galder Barbado, 2016an ere atxilotu zuten

Oraindik ez dute zabaldu zer leporatzen dion poliziak. Ez da lehenengo aldia gaztea atzematen dutela. Izan ere, 2016ko maiatzaren 25ean Guardia Zibilak eraman zuen preso Gasteizko kuartelera, Urduñan izandako Gazte Danbada jaialdian terrorismoa goratzea egotzita, baina ordu gutxiren buruan askatu zuten.

Aurrez ere poliziaren jazarpena salatu izan du gazteak, Aiaraldea Gaur agerkariak dioenez. 2011n agerraldia egin zuen, beste hiru gazterekin batera, jasotako mehatxuak ezagutarazteko. 2008an -18 urte zituela- errepideko kontrolean geratu eta mendira eraman zuen kolpatzeko Guardia Zibilak. 2009an, berriz, Ertzaintzak kalean ADN proba egiteko ilea ematera derrigortu zuen, "eskuak ahoan sartzearekin batera". 2011n, ostera, bere autoko sarrailan kola jarri eta “jodete” (izorra zaitez) idatzi zioten.