Gaztelueta C -Berango C gazteen futbol partidua bertan behera geratu zen Larunbatean. Jokatzen ari zirela Gaztelueta C taldeko gazte batek aurkariari "beltz zikin madarikatua" deitu zion. Gorengo erregional mailako Otxarkoaga-Iturrigorri partiduan ere futbolarietako batek irain arrazistak jasan behar izan zituen. Bi taldeek zelaia utzi zuten.
Larunbatean izan zen Gaztelueta eta Berangoren arteko partidua. Hamairu urteko gazteak irain arrazista jasan eta gero talde osoak zelaitik alde egin zuen 55. minutuan. EITBk jaso duenez, Oier Soriano Berango C talde bisitariaren entrenatzaileak, taldea zelaitik ateratzeko erabakia hartu zuen "epaileak izandako jarrera pasiboa" ikusita. Epaileak ez zuela ezer entzun jaso zuen aktan eta une horretan beste jokalari bat artatzen ari zela adierazi du.
Sorianok Radio Euskadiri emandako elkarrizketan aurkariaren senideek eskatutako barkamenak ez duela eragin handirik izan adierazi du, irainak jasan zituen mutikoak lur jota jarraitzen baitu. Gaztelueta kirol elkarteak, sare sozialetan "edozein irain, diskriminazio edo jarrera iraingarri gaitzesten" dutela egin dute publiko.
Gorengo erregional mailan ere irain arrazistak
Otxarkoaga-Iturrigorri aurrez aurrekoan ere irain arrazistak jaso zituen Otxarkoagako jokalarietako batek eta talde osoak zelaitik alde egitea erabaki zuten.