argia.eus
INPRIMATU
Bi euskarazko film ikusgai gaur Bilboko Film Sozialak zinema jaialdian
  • Bilboko Film Sozialak zinema ikusezinaren festibalaren baitan eskainiko dute Itsasoari begira dokumentala. Lorea Perez de Albenizen estreinako lanak gabezia neurologiko ezezagun bat duen 17 urteko Itxasoren familia eta lagunen bizipenak biltzen ditu.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 21
Gaur aurkeztuko duten Itsasoari Begira dokumentalak, gaitz neurologiko ezezagun bat duen Itxasoren egunerokoa eta bere gertukoen gogoetak biltzen ditu.

Albenizek gaitz neurologikoen begirada pertsonal eta goxoagoa bilatu nahi izan du. Zuzendariaren helburua “haur ezberdinen” unibertsoa ezagutzera ematea izan da, eta batez ere gurasoei zuzenduta dago. Zuzendariaren esanetan, ikerketa eta azalpen zientifikoei buruz informatu baino, dokumentalak familien eta erakundeen lana txalotzea eta goraipatzea du helburu.

Itxasoren unibertsoa

Itxasok lau hilabete zituenean esan zioten bere amari, Maier Gurrutxagari, gabezia neurologiko bat zuela. Ondorioz, Elgoibar utzi eta Bilbora joan ziren bizitzera. Urte hauetan bide luzea egin dute familiak eta lagunek, baina Itxasoren mundua ezagutzeko balio izan die. Albenizek hori lortu nahi izan du: Itxasoren unibertsoan arreta jarri, eta ezagutzera ematea.

50 minutuko iraupena du dokumentalak eta hiru urtez aritu da zuzendari elgoibartarra lan hau hezurmamitzen. Egoeraren inguruko ikuspegi ugari lantzeko helburuz Itsasoari begira lau zatitan banatu du. Familiakoen sentimendu eta bizipenak jaso ditu, gaitz neurologikoez aritu da animazioaren bitartez, “haur ezberdinen” inguruan umeek dituzten uste eta ikuspegiak bildu ditu, eta Itxasoren adin bereko neska baten bizia irudikatu du gabeziak dituzten haurren arazoak nabarmentzeko.  

Zinema ikusezinaren jaialdiaren azken txanpa

Zinema soziala ardatz duen festibalaren zazpigarren edizioa urriaren 15ean hasi zen, eta eguen honetan bukatuko da. Aurten, 78 ikus-entzunezko aurkeztu dituzte sail ofizialean, eta gehienak proiektatu badituzte ere, oraindik badago zer ikusi.

Barakaldoko Golem zinemetan 19:30ean euskarazko bi lan aurkeztuko dituzte: aipatutako Itsasoari Begira eta Argian ikusgai dagoen Jon Salaberri HIESaren aurkako  borrokan aurpegi ezaguna izan zenaren inguruko dokumentala. Itxiera jaialdia eta sari banaketa berriz, eguenean izango da Bilboko Alondegian.