Espetxe Zaintzako Epaitegiak erabaki du Gorka Martinez eta Iñaki Bilbao presoei hirugarren gradua kentzea, biktimei barkamenik eskatu ez dietela argudiatuta. Duela gutxi, baina, Auzitegi Nazionalak ebatzi zuen damutzea eta barkamena eskatzea ez direla espetxe baimenak onartzeko baldintza.
Maiatzaren 18an hirugarren gradua eman zien Eusko Jaurlaritzak Gorka Martinez Ahedo eta Iñaki Bilbao Gaubeka ETAko presoei. Orain, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak baimen horren aurka aurkeztutako helegitea onartu du Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epaileak eta dio biktimei barkamena eskatzea ezinbestekoa dela espetxe-onurak eskuratzeko. Bigarren gradura bueltatuko dira bi presoak.
Castrok urratu egin du duela gutxi Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko lehen sekzioak emandako irizpidea, haren arabera damutzea eta barkamena eskatzea ez baita espetxe baimenak onartzeko baldintza.