argia.eus
INPRIMATU
Bi gazte atxilotu ditu Ertzaintzak Lekeition, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz
  • Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduz abiatutako polizia-operazioa da asteazkenekoa, eta momentuz sekretupean dago kausa.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 23a
Argazkia: Gedar

Asteazken goizeko 07:00ak aldera egin du agerraldia Ertzaintzak Lekeitioko bi etxebizitzatan, horiek miatzeko. Hainbat patruila bertaratu dira, eta lau ordutik gora eman dituzte horiek miatzen. Miaketen ostean, atxilo eraman dituzte bi pertsona; 10:30an inguruan lehena, eta ordubeteren bueltan bigarrena.

Gedar kazetak jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz abiatutako polizia-operazioaren parte dira miaketa eta atxiloketok; zehazki, 5. Instrukzio Epaitegiko idazkari judizial batek baimendu du. Operazioa abiatzeko kausa sekretupean dago momentuz, baina idazkari judizialak baimendu egin du atxilotuen bizilekuak, sakelakoak, ordenagailuak, ibilgailuak eta beste miatzea. 24 orduko epe-tartea dute miaketak burutzeko.

Euskadi Irratiak aipatu duenaren arabera, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideen etxebizitzak dira miatzen ari direnak, eta Ertzaintzak baieztatu egin du operazio bat dagoela martxan.