San Sebastian egunean, Bulebarrean bi etxegabe hil dira; emakumezko bat eta gizonezko bat. Emakumea hilik aurkitu dute kutxazain baten barruan, eta gizona kalean hil da ondoezik sentitu ostean. Biak ustez kausa naturalengandik zendu dira.
Emakumea 06:30etan aurkitu dute hilik. Kutxazain automatiko baten barruan zegoen lo beste bi etxegaberekin, eta hauek esnatzean ohartu dira emakumea hilik zegoela. Auzitegiko medikuak baieztatu du heriotza, eta ez du indarkeria zantzurik aurkitu.
Gizonezkoa ordu gutxira hil da, 13:00k aldera, hau ere Bulebarrean. Gaizki sentitu eta lurrera erori da. Berarekin zeudenek ohartarazi diote anbulantziari, baina larrialdi zerbitzuetakoek ezin izan dute ezer egin.
Bi gorpuak Donostiako auzitegi medikura eraman dituzte autopsia egin, eta heriotzaren zergatia argitzeko.