argia.eus
INPRIMATU
Bi etxegabe hil dira Badalonan, aterpe ematen zien eraikinak su hartu ostean
  • Ehundik gora pertsona bizi ziren su hartu duen eraikinean, horietako asko migratzaileak. Bi hildakoez gain, hamazazpi pertsona zauritu dira.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 10a
(Argazkia: Kataluniako suhiltzaileak)

Asteazken gauez sutea piztu zen Badalonako (Herrialde Katalanak) pabiloi batean, non ehundik gora etxegabe bizi ziren, gehienak migratzaileak eta hainbat adin txikiko ere bai, Directak zehaztu duenez. Sutea gertatu eta ordu batzuetara, goizaldean, suhiltzaileek jakinarazi dute bi pertsonaren hilotzak aurkitu dituztela, eta ohartarazi biktima kopuruak gora egin dezakeela, ez baitakite zenbat pertsonek hartzen zuten aterpe pabiloian.

Bi pertsonaren heriotzaz gain, suteak hainbat zauritu utzi ditu. Momentura arte zenbatutako zaurituak hamazazpi dira; horietatik bi egoera kritikoan bideratu dituzte Vall d'Hebron eta Germans Trias i Pujol ospitaletara, eta beste lau pertsona ere larri zaurituta eraman dituzte Hospital del Mar eta Can Ruti ospitaletara. Gainontzeko hamaika zaurituek zauri arinak dituzte, kasik denak leihotik jauzi egitearen ondorioz, sutetik ihes egiteko saiakeran. Horiek alta jaso dute.

Suhiltzaileek lanean dihardute, baina eraikina jausteko arriskuan dago. Generalitateko Barne Kontseilari Miquel Samperren arabera, hasiak dira eraikinaren zati batzuk erortzen. Suhiltzaileen operatiboaren arduradun David Borrellek egindako adierazpenen arabera, ez dute baztertzen eraikinean jendea harrapatuta egotea, “bizitzarekin bateraezina den” egoeran.

Zaurgarritasun egoera ageriko

Ezbeharrak bistan utzi du migratzaileen eta etxegabeen zaurgarritasun egoera. Alabaina, Badalonako alkate Xavier García Albiolek (PP) migrazioaren eta okupazioaren aurkako argumentuez egin ditu adierazpenak. Kiskalitakoa ilegalki okupatutako pabiloia zela seinalatu du, eta bertan bizi ziren migratzaileen aurkako akusazioak egin ditu, azkenaldian arazoak ematen zituztela esanez, kasu.

Pabiloiko bizilagun batek Directari jakinarazi dionez, Albiolek beren bazterketa bultzatu izan du, eta orain hilabete batzuk Poliziarekin joan zitzaien pabiloitik kanporatuko zituela mehatxu egitera. Horrek sutea “nahita eragindakoa izan zitekeela pentsarazten digu”, dio testiguak.

Bere aldetik, Badalonako alkate ohi Dolors Sabaterre (Guanyem Badalona) arduratuta agertu da, eta gaitzetsi egin du sutea pairatu duten pertsonak artatzeko modua. Bere aburuz, jarduteko modua ez da suteen protokoloek xedatzen duten bezalakoa izan: “Poliziaz inguraturik baztertu dituzte, hiru orduz gizarte-laguntzarik eskaini gabe, oso hotz zegoen bitartean. Tratu humanitarioa beharrean, tratu poliziala eman diete”.