argia.eus
INPRIMATU
Bi eta hiru urteko kartzela eskatu du fiskalak kontzentrazio batean parte hartu zuten sei ikaslerentzat
  • Epaiketa irailaren 14an izango da, 09:30ean, Arabako Lurralde Epaitegian. Epaituko dituzten sei ikasleei babesa adierazteko kontzentrazioa egingo dute egun horretan bertan, 19:00etan plazan.

Uztarria 2016ko irailaren 12a
Sei lagun eseriko dira epailearen aurrean hilaren 14an (argazkia: Uztarria).

2014. urteko martxoaren 19an sei ikasle, tartean azpeitiar bat, atxilotu zituzten Gasteizko EHUko campusean egin zen elkarretaratze batean. Orain, atxilotu zituzten sei gazteentzat espetxe zigorra eskatzen du epaileak. Epaituei elkartasuna adieraziteko, muntaia poliziala salatzeko eta euskal presoen eskubideen aldeko ekimenek duten zilegitasuna azpimarratzeko, agerraldia egin zuten hainbat herritarrek irailaren 8an. 

Euskal preso politikoek unibertsitatean ikasteko duten eskubidea aldarrikatzeko antolatu zen 2014ko martxoaren 19ko elkarretaratzea. Ondoren atxilotuko zituzten sei gazteak kontzentrazioan parte hartzen ari ziren beste ikasle askorekin batera.

Ikasle batzuk mural bat margotzen hasi zirela-eta, campuseko segurtasun indarrek, kalez jantzitako ertzainek lagunduta, gazteetako bat bortxaz atxilotu zuten. Hori ikusita, ikasleek errepidean eserialdia egitea erabaki zuten. Ertzainak atxilotua kotxera eramaten hasi ziren, eta gainerako ikasleak atxilotuari babesa adierazten hasi ziren. Ertzainen furgoneta bat eta beste zazpi auto agertu ziren orduan, eta ikasleen aurka gogor oldartu ziren. 

Ertzainen karga polizialak dozenaka zauritu utzi zituen, eta karga hori aprobetxatuta beste bost ikasle atxilotu zituzten ertzainek; horietako bat mugikorrarekin karga poliziala grabatzen hasi zelako. Ertzainen irain sexistak ere entzun behar izan zituzten atxilotuak askatzeko eskatzen ari ziren ikasleek. Karga poliziala justifikaziorik gabea izan zen.

Orain, atxilotutako ikasleei zigor gogorrak eskatzen dizkie fiskalak. Guztiei zigor ekonomikoa eskatzeaz gain, gazte bati hiru urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eskatzen diote. Gainerakoei, tartean Onintza Valverde azpeitiarrari, bina urteko espetxe zigorrak eskatzen diote. Irailaren 14an, asteazkenean, 9:30ean izango da epaiketa Arabako Lurralde Epaitegian.

Albiste hau Libre Azpeitiak argitaratu du Uztarrian eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.