Bost urteko espetxe zigorra eta sei urteko inhabilitazioa. Zigor eskaera horiekin iritsiko dira bi ertzain asteazkenean Gipuzkoako Lurralde Auzitegira, 2016ko Gipuzkoa Zutik kanpaldian bi lagun legez kanpo atxilotzea egotzita. ARGIAk bi gazteen abokatuarekin hitz egin du eta epaiketan “bi munduren arteko talka” irudikatzen saiatuko direla adierazi du.
“Egun hartan ertzainak pasa egin ziren, plazan zeuden gazte batzuk identifikatzera dozenaka agente bidali zituzten istilutarako jantziekin. Erabat desproportzionatua izan zen. Legearen espiritua gaizki interpretatu dute, honek gaztelaniaz dio polizia operazioak actuaciones mínimas izan behar direla. Asanbladan erabaki zuten hor ez zegoela arduradunik eta ez identifikatzea. Horregatik atxilotu zituzten eta ez identifikatzeagatik ezin da inor atxilotu”, adierazi du. Ez identifikatzeak zigor administratiboa dakar, baina bere horretan, atxiloketarik ez. Egunean bertan askatu zituzten.
Administratiboki zigortu zituzten gazteok, eta horrez gain, “desobedientzia larria” egotzita epaiketa batera deitu zituzten, baina epaileak erabaki zuen ez zegoela deliturik. Horren ostean, bi gazteek salaketa jarri zuten ertzainen aurka eta bi urte eta erdiren ostean, epaiketa izango da. 2016an hiru ertzain deitu zituen epaileak.
Epaiketan erabiliko duten estrategiari buruz galdetuta, ez du aurreratu aretoan adieraziko dutena, baina epaitegietan “oso gutxitan hartzen den estrategia juridiko-politikoa” erabiliko dutela aurreratu du.
Epaiketa 10:00etan izango da, Donostiako San Martin kalean dagoen Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, Lehen Sekzioan. Gipuzkoa Zutik mugimenduak dei egin du bertaratzeko eta epaiketa zuzenean entzuteko.
ARGIAk atxiloketen unea grabatu zuen, ondorengo bideoan ikus daiteke. Lotura honetan egun hartan gertatu zenaren berri zuen kontsulta daiteke.