argia.eus
INPRIMATU
Bi ertzain auzipetu dituzte emakume bati eraso egiteagatik Getxoko komisarian
  • Getxoko ertzain-etxean atxilotuta zegoen emakume bati eraso egiteagatik ertzain bi inputatu dituzte. Komisariako zaintza-kamerek jaso zituzten emakumeari emandako ukabilkadak eta zaplastekoak, El Correok zabaldu duenez.

Axier Lopez @axierL 2019ko apirilaren 24a
El Correo egunkariak zabaldu du Getxoko ertzain-etxeko zaintza kameren irudietako bat.

2018ko maiatzaren 26an gertatu zen Getxon. Supermerkatu baten atarian dirua eskatzen ari zen pertsona bat identifikatzen ari ziren bi ertzain. Polizien jarrera ez-bidezkoa zela iritzita, emakume bat ertzainengana hurbildu zen. Emakumeak epaitegietan adierazi duenez, orduan ertzainetako batek bera bultzatu zuen hortik aldentzeko esanez eta beste ertzainak “popatik hartzera joateko” oihukatu zion.

Emakumea ez zen urrundu eta atxilotu egin zuten. Getxoko ertzain-etxera eraman zuten, eta ziegan sartu aurretik, emakumea saiatu zen bere kartera berarekin eramaten, ertzainek kontrakoa esan arren, emakumeak adierazi duenez, “polizia-etxeetan dirua galdu duten pertsonen kasuak ezagutzen zituelako”. Orduan, ertzainetako batek, hiru ukabilkada eman zizkion emakumeari aurpegian, zaintza-kamerek jaso zutenez. El Correo egunkariak zaintza-kamera horren bideoa eskuratu du.

Salaketaren arabera, 8.259 zenbakidun ertzaina da erasoaren egilea. Gertatutakoaren ostean, bi ertzainek zerbitzu medikuetara jo zuten eta medikuen txostenaren arabera, zenbait harramazka zuen ertzain horrek.

Eraso hau dela eta, bi ertzainek deklaratzera deitu zituzten ikertu gisa otsailaren amaieran Getxoko laugarren instrukzio epaitegian. Ertzainek ere erasoa sufritu duen emakumea salatu dute, “agintearen aurkako atentatua” egitea leporatuta.