Donostiako Piratek jakinarazi dute jaien irekiera errefuxiatuen egoera ikustarazteko baliatuko dutela. Bi errefuxiatu arduratuko dira txupina botatzeaz. Aurten orduz aldatu dute deialdia indartze aldera: abuztuaren 13an izango da, 18:30ean Flamenka gunean, kaian.
"Piratontzat funtsezkoa den balore bat oinarri hartuta lan egiten duten eragileek botatzen dute Aste Nagusi Pirata irekitzeko txupinazoa", diote.
Piratek adierazi dute "errefuxiatuen drama mahai gainean jartzeko beharra" sentitzen zutela. "Europar Batasuneko agintari politikoak modu lotsagarrian jokatzen ari direla eta gudatik eta pobreziatik ihesean ari denari ezin zaiola hesirik jarri uste dugu. Are gehiago, beren herrialdeak hankaz gora jarri dituztenak Mendebaldeko potentziak direnean".
"Babesleku izango den kai segurua eskaini nahi diegu Kantauriko kostan, gure hirian. Guk argi daukagu: bizirautea ez da delitua, ongi etorri errefuxiatuak".
Katherina ukrainarra eta Hassanna sahararra izango dira txupinazoa botako duten bi errefuxiatuak.
Txupinazoa bota ohi duen eragileak presentzia izaten du Aste Nagusi Piratan Matti pertsonariaren bidez. 2012an Martuteneko auzo elkartea izan zen, 2013an Etxe kaleratzeak Stop! kolektiboa, 2014an Abortoaren aldeko mugimendua eta pasa den urtean Irutxuloko Hitza.
Urtez urte aldatzen doan Ezkila kapitainaren ardura, aurten Aingura kofradiari egokituko zaio. "Ingurugiroari izan beharreko errespetuan, bertako ekonomia sareen bultzatzaile sutsuak, ingurugiroa zaintzea eta jaia egitea bateragarriak direla erakusten egiten du lan kofradia honek. Pixkanaka pixkanaka Aste Nagusi Pirata eraldatzeko urratsak ematen laguntzen digu Aingurak", diote.