Larunbat gauean izan ziren eraso sexistak Bilboko Konpartsek jakitera eman dutenez eta gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea egin dute igandean “kaleak, gauak, jaiak emakumezkoenak ere” badirela salatzeko.
Txosna-gunetik kanpo izan arren larunbat gaueko bi erasoak, genero-indarkeriarekin lotutako kasuak kudeatzen dituen Bilboko Konpartsen batzordeari jakinarazi zizkioten hainbat herritarrek.
Erasoak salatzeko elkarretaratzea egin da Bilboko Areatzan igandean eta, ondoren, lapikokada txosnetan. Konpartsek salatu dute, “egunero emakumeei askatasunez aritzea galarazten dien indarkeria sexistarekin gogaituta” daudela. Zorion Egileor eta Saioa Dominguez pregoilariek gaineratu dutenez, eraso sexistek "emakumezkoen giza-eskubideen urraketa dakarte, eta espazio publikoaz, eta oro har jaiaz, gozatzeko gure eskubidearen aurka doaz".
Igandeko protestan pregoilariek irakurri duten agiriak azaltzera eman duenez, gertakarien ondotik, erasoei aurre egiteko protokoloa aktibatu dute.