Gorka Urtaran hiriko alkateak adierazi duenez bultzadak eta irain homofoboak salatu dituzte. Pertsona batek salaketa jarri du.
Euskadi Irratiari eskeinitako elkarrizketan eman du jakitera Gasteizko alkateak bi eraso homofoben berri. Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia da eta bertatik ere salatu dituzte bi erasoak, prentsa ohar bat kaleratuz.
Prentsa oharraren arabera eraso bat hilaren 8an jazo zen: “Mutil bat Alde Zaharreko taberna batean dantzan ari zela, gizon talde batek eraso egin zion, irain homofoboak eta bultzadak emanez”. Bigarren erasoa hurrengo egunean, hilaren 9an gertatu zen, txosnen esparruan. Gazte bati bizkarretik eraso egin diotela eta bi pertsonek jipoitu egin dutela adierazi du Ikusgunek. Jipotu artean irain homofoboak oihukatzen zituzten. Erasoa jasan duen gaztea ondo dagoela ziurtatu dute.
Ikusgunek gehitu du Gasteiz “hamaika aldiz” agertu dela indarkeria matxistaren aurka eta nabarmendu du lanean jarraituko dutela kaleetan, etxeetan, lanpostuetan eta bizitzako espazio bakoitzean “LGTBI+ fobiak tokirik izan ez dezan”.
Ziztadak Gasteizen
Alkateak ziztaden inguruan ere hitz egin du, eta azaldu du emakume batek salatu duela ziztada jaso izana baina ez zuela ziztada horien aztarnarik ezta gorputzean sustantzia kimikorik ezta sintomarik ere. Urtaranek ziurtatu du eraso matxistak direla horiek eta “matxito arrapari”-ei esan die horrelako gertakaria gorroto delitu bezala tratatzen direla.