argia.eus
INPRIMATU
Bi eraso homofobo salatu dituzte Gipuzkoan
  • Soraluzen Señora Bertso egunean eta Tolosako Inauterietako Zaldunita gauean bi eraso homofobo izan direla salatu dute.

Ainara Rodil Jaime 2024ko otsailaren 20a
Señora Bertso Sariketaren irudia / Argazkia: Soraluzeko Udala Señora Bertso Sariketaren irudia / Argazkia: Soraluzeko Udala

Tolosaldeko Itaiak salatu du Inauterietan eraso homofobo bat egon zela Montezkue auzoan. Lau mutil gaztek burla homofoboak egin zizkieten beste bi mutil gazteri. Erasotzaileen jarrera oldartzen joan zela adierazi dute, eta erasoa pairatzen ari ziren gazteak “larrituta ihes egin behar izan zutela erasoaren intentsitatea igotzeko beldurrez”.

Tolosaldeko Itaiatik babesa eta elkartasuna helarazi diete erasotuei eta ingurukoei. “Horrelako eraso homofoboak ez dira inondik inora ere egoera isolatuak eta zapaldutako kolektiboen aurkako jarrera erreakzionarioak, eta bereziki gazteetan ematen ari den gorakadak, larritasun handiko problematikak dira”, adierazi du Tolosaldeko Itaiak.

Señora Bertso Eguna

Señora Bertso Egunean, Soraluzen, mutil gazte kuadrilla batek eraso bat egin zion bikote bati larunbatean, otsailaren 17an. Etxera zihoazela mutil talde bat gurutzatu eta mespretxuzko hitz oihukatu zizkieten.

Antolakuntza taldetik erasoa gaitzetsi dute eta babes osoa adierazten diete erasotuei. “Oso haserre gaude”. “Gero eta argiago dugu espazio seguruak beharrezkoak direla emakume eta genero disidenteontzat”. Espazio horiek sortzen jarraituko dutela diote.