16 urte edo gehiagoko emakumeen erdiak sufritu du inoiz bikotekideen arteko genero-indarkeria, bortxaketa, sexu-jazarpena edota indarkeria psikologikorik, inkesta baten emaitzen arabera.
Espainiako Estatuan bizi diren 16 urte edo gehiagoko emakumeen %57,3k indarkeria matxistaren bat pairatu du inoiz. Indarkeria-modalitate horien artean indarkeria fisikoa zein sexuala izan dira kontuan, bikotearen esparruan edo bikotetik kanpo, sexu-jazarpena edo etengabeko jazarpena barne.
Horrek esan nahi du 11,7 milioi emakumek jasan dutela halako bortizkeria motaren bat, Gobernuaren Ordezkaritzak egindako Emakumeen aurkako Indarkeriaren Makroinkestaren arabera. Emakumeen aurkako indarkeriarako zifra "eraisgarria" dela salatu du Irene Montero Espainiako Berdintasun Ministroak. "2 emakumetik 1ek indarkeria matxista motaren bat jasan du, 11 milioi baino gehiagok, emakume izate hutsagatik", azpimarratu du.
Gizarteko "desberdintasun sinbolorik basatiena" dela ohartarazi du Monterok ostegun honetan, markoinkestaren aurkezpenean. Inkesta hori lau urtean behin egiten da, eta bertako kalkuluen arabera, 1999az geroztik, gutxi gorabehera, Espainiako Estatuan bizi diren 16 urtetik gorako 9.568 emakumeren lagin adierazgarri bati egindako elkarrizketetan oinarritzen da.
4,38 milioi emakumek pairatu dute indarkeria fisikoa (% 21,5) eta 2,8 milioik sexu-indarkeria (% 13,7) bizitzako uneren batean. Emakumeen %6,5ek sexu-indarkeria jasan du bikote harremanetatik kanpo, %2,2 bortxatu egin dute, %13,4 indarkeria fisikoaren biktima izan da eta %40,4i noizbait sexu-jazarpena egin diote, inkestaren arabera.
Bikotearen esparruari dagokionez, ia hiru milioi emakumek (% 14,2) pairatu dute indarkeria fisikoa edo sexuala harreman sentimentalaren testuinguruan, eta %31,9k indarkeria psikologikoa jasan dute.
Guztira, 1.678 959 adingabe bizi dira gaur egun bikotekidearen indarkeria fisiko edo sexuala, kontrol emozional edo ekonomikoa edo beldurren bat jasaten ari diren etxeetan. Hain zuzen ere, inkestaren arabera, adingabe horietatik gehienak (1.650.095) indarkeria psikologikoa dagoen etxeetan bizi dira. Gainera, 265.860 adingabe bizi dira indarkeria fisikoa edo sexuala jasaten ari den bikoteen etxeetan. Emakume horietatik, % 51,7k diote seme-alabek eurek pairatu zutela indarkeria erasotzailearen eskutik.