argia.eus
INPRIMATU
Bi emakumek eraso matxistak jasan dituzte, Durangon eta Urnietan
  • Durangoko kasuan, erasotzailea emakumearen bikotekidea da. Urnietakoan, aldiz, bikotekide izandakoa. Azken honek emakumearekiko urrutze-agindua zeukan ezarrita.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 03a
Eraso sexisten kontrako manifestazio bat, Durangon (Argazkia: Durangon.com)

Asteartean egin dituzte bi erasoak. Lehena goizaldean, Urnietan. 42 urteko erasotzaileak emakumearekiko zeukan urruntze-agindua urratu eta bikotekide izandakoa jipoitu zuen etxe barruan. Emakumearen laguntza garrasien aurrean, isildu ezean hil egingo zuela mehatxu egin zion gizonak labanaz.

Hirugarren pertsona batek Ertzaintzari gertakarien berri eman eta polizia agenteak bertaratu egin ziren. Gizonezkoa atxilotu eta osasun zerbitzuei dei egin zieten emakumea artatu zezaten. Emakumeak salatu egin du erasoa, eta gizona espetxeratu egin dute epailearen aurretik pasa ostean.

Durangoko gertakaria arratsaldean jazo zen, San Fausto auzoko Zirarmendieta kalean. 47 urteko gizonezkoak bikotekideari eraso egin zion. Emakumea ospitaleratu egin zuten, eta gizona atxilotu egin zuen Udaltzaingoak.

Anbotok jaso duenez, gizonak atxilotuta jarraitzen du eta Herrizaingo Sailaren arabera asteazken goizean epailearen aurretik pasako da.