Juan Carlos Aguilarrek Bilboko bere gimnasioan Ada Otuya eta Jenny Rebollo hil zituela aitortu zuen 2013ko udaberrian, eta epaiketaren lehenengo egunean berretsi egin du. Aitortzari esker zigorra arin diezaiokete. Fiskaltzak hilketa bakoitzeko 20 urteko kartzelaldia eskatua zuen, eta akusazioek 45 urtera artekoak. Epaiketak apirilaren 20an segiko du.
Zigorra zehazteko elementu nagusia hilketak krudelkeriaz egin zituen ala ez erabakitzea izango da. Fiskalak eta akusazioak (Clara Campoamor elkarteak eta biktimen familiek) hilketak ezohiko indarkeriaz eta krudelkeriaz egin zirela azpimarratu dute. Aguilarrek bi emakumeak hil zituela aitortu zuen, baina ukatu egin zuen basakeriaz aritu zela.
2013ko ekainaren 2an atzeman zuten Aguilar eta hedabideek jarraipen estua egin zioten kasuari. Orain ere, ehundik gora hedabidek jarraituko du epaiketa.
Ekainaren 2 hartan auzokoek Ertzaintzari deitu zioten gimnasioan garrasiak entzun zituztelako. Ertzaintzak larri aurkitu zuen Otuya Aguilarren gimnasioan, eta hiru egunetara hil zen. Atxilotu ondoren, Aguilarrek astebete lehenago Jenny Rebollo hil zuela aitortu zuen.