argia.eus
INPRIMATU
Bi ekitaldi bake prozesua bultzatzeko Miarritzen: ekainaren 7an eta 8an
  • Ostiral honetan (19:00) konferentzia bat eta giza katea larunbatean antolatu dituzte Miarritzen. Helburua: euskal gatazkaren konponbide prozesuan aitzinatzea. Bake Bidea taldeak aditzera eman duenez elkarrizketak abiatu dira berriz ere Frantziako Gobernuarekin.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 07a
Euskal eragileak eta instituzioetako ordezkariak ekimenen aurkezpenean. Argazkia: Guillaume Fauveau.

Bake Artisauek eta euskal instituzioetako ordezkariek harremanak berritu dituzte Macronen gobernuarekin. Biarritzeko Michel Veunac auzapezak ekainaren 7 eta 8rako antolatu diren ekimenen aurkezpenean esan duenez: “2019 urteak bake prozesurako erabakigarria izan behar du”.

Miarritzeko Konferentzian, hainbat biktima izanen dira –Iñaki Garcia Arrizabalaga; KAAk hil zuten bere aita. Asun Lasa; GALek hil zuen bere neba–. eta Frantziako Christiane Taubira  ministro ohia –bideokonferentzia bidez–eta Michel Camdessus ekonomialaria mintzatuko dira elkarbizitzaz. 

Larunbatean, berriz, elkarbizitzari buruzko konferentziaren ondoren, euskal presoen kaleratzeaz sentsibilizatzeko giza katea izanen da hiri berean, Miarritzen. Antolatzaileen esanetan hiri hau ez da kasualitatez hautatua izan.

G7 gailurra abuztuan izanen da eta hiria nazioartean ezagutuko da bereziki. Hartara, euskal jendarteak bakearen prozesuaren bidez euskal auziari konponbide duina eman diola erakutsiko nahi dute antolatzaileek estatuan eta munduan oro har.

Michel Berhokoirigoin bake artisauaren erranetan, giza kateak “presoen kateamendua islatzen du, baita kateatze morala ere, gainditu behar dugun sufrimendua”. Baionako Jean-René Etchegaray auzapezaren hitzetan, berriz, “armak isildu dira, baina kontzientziak ez dira bakean”.

Ostiral honetako topaketa mintzaldia 19:00etan hasiko da itsasbazterreko Bellevue eraikinean. Giza kateak Hotel du Palais eta Rocher de la Vierge lotuko ditu larunbatean.