argia.eus
INPRIMATU
Bi ekintzaile epaitu dituzte Bilbon, BBVAk armagintzan egiten duen inbertsioa salatzeagatik
  • BBVAren Akziodunen Batzarraren aurrean, bankuak armagintzaren industriarekin duen lotura seinalatu zuten hainbat ekintzailek 2019an. Ekintzaren harira Mozal Legea aplikatu zieten sei pertsonari, eta horietako bi gaur epaitu dituzte. BBVAren aurkako plataformak eta EHk Kapitalari Planto! kanpainak deituta, elkarretaratzea egin dute Bilboko epaitegien aurrean; isunak tarteko egonik ere, ez direla isilduko adierazi dute.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko urriaren 18a
Argazkia: Ecuador Etxea

BBVAren aurkako plataforma osatzen duten taldeek eta EHk Kapitalari Planto! kanpainako partaideek elkarretaratzea egin dute astelehen goizean, Bilboko epaitegien aurrean. Mobilizazioarekin epaituak izan diren bi kide antimilitaristei elkartasuna adierazi nahi izan diete, baita mobilizazio sozialaren kriminalizazioa eta errepresioa salatu eta BBVAk irabaziak lortzeko duen modua beste behin gaitzetsi ere.

2008tik urtero egindako ekimenari segida emanez, 2019ko martxoan, BBVAren Akziodunen Batzarraren aurrean, BBVAren aurkako plataformako eta EHk Kapitalari Planto! kanpainako zenbait kidek protesta egin zuten Bilboko Euskalduna Jauregiaren kanpoaldean. Ekintzan parte hartzen ari ziren kideek beren buruak pintura gorriz blaitu zituzten, eskuan 500 euroko bilete-sortak zituztela. Xedea: BBVAk armagintzaren sektorean egiten dituen inbertsioak salatzea eta ondorioz bankuaren irabaziak odolez zikinduta daudela bistaratzea, eta gerra gurean hasten dela azpimarratzea.

2019ko protestaren harira sei pertsona zigortu zituen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Mozal Legea aplikatuz. Zigortutako kideek eta ekintzaren antolatzaileek helegiteak jarri zizkieten isunei, ulerturik, KEM-MOC Bilboko Talde Antimilitaristak azaldu duen bezala, "protesta eta mobilizazio soziala herritarren oinarrizko eskubideak direla" eta "Mozal Legearen bidez horien aurka jardutea elkarretaratzeko eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoa dela, baita isunen bidez protesta desmobilizatzeko ahalegina ere". Zigortutako sei pertsonetetik bi astelehen goizean pasa dira epailearen aurretik, eta epaiaren arabera erabakiko dute zigor horiek baliogabetuko dituzten ala ez.

Elkarretaratzeak iraun bitartean, ondoko adierazpenak egin dituzte bozeramaileek: "BBVAk gerraren industria finantzatzen duten banku espainiarren lehen postuan egotearen ohore negargarria izaten jarraitzen du (...) Gerrak hemen hasten direnez, gure hirietan, bankuek gure diruarekin finantzatuta, hemen gelditu behar ditugu. Inongo mozalek ez gaitu isilduko".