argia.eus
INPRIMATU
Asteburuko hiru egunetako 574 positibo berriek COVID-19agatiko kezka zabaldu dute Hegoaldean
  • COVID-19ak kutsatutako 574 positibo berri ezagutu ditu Hegoaldeak asteburuan. Ostiralean koronabirusak 155 kasu berri utzi ditu, 256 larunbatean eta 165 igandean. Koronabirusak udako beroaren aurrean menia bat emango zuen itxaropena zutenentzako, ezusteko galanta. Edonoren begietan itxura txarra daukan beroaldi hau kontrolatu nahian, agintariek hainbat jarduera eragotzi edo zorrotzago kontrolatzea erabaki dute: zahar-etxeetako sartu-irteerak murriztu, haur eta gaztetxoen udalekuak eten, gazteen lokalak itxi arazi...

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 20a
PCR frogak egiten Getarian (arg.: EiTB)

Azken 15 egunetan koronabirusaren agerraldiak ugaritu ostean –batik bat Gipuzkoan eta Nafarroan– PCR bidez hautemandako kasu berriek jauzi arriskutsua egin dute azken hiru egunetan. Ostiralean –uztailak 18– 155 COVID-19 positibo berri ezagutu ziren Hegoaldean: Araban 11, Bizkaian 48, Gipuzkoan 56 eta Nafarroan 40. Larunbatean zenbatutakoek ia bi halako kopurua osatu zuten, 254 honela banatuak: Araban 10, Bizkaian 92, Gipuzkoan 93 eta Nafarroan 59. Igandean –uztailak 19– bezperakoa datuak pittin bat hobetu dira: Hegoalde osoan 165, horietatik Araban 6, Bizkaian 45, Gipuzkoan 63 eta Nafarroan 51.

Nafarroako Gobernuko bezala Eusko Jaurlaritzako sailburuek nabarmendu dute agerraldi berrietako kasuetan gazteek daukaten presentzia, asko ugaritu direlako 30 eta are 20 urtez azpiko gazteak –Nekane Murga sailburuak aipatu du EAEko kasu berrien %40 direla 20 urtez azpikoak– agintariek lotzen dituztenak kurtso amaierako ospakizunetan gertatutako kutsatzeei.

Herriei dagokienez, itxura batera lasaiagotzat jo daiteke egoera hainbeste zalparta sortu zuen Ordizian eta neurri txikiagoan Tolosan eta Getarian eta, aldiz, askoz kezka handiagoa eragiten dute EAEri dagokionez bai Ermua-Eibarko eta Zarautzko agerraldiengatik eta Nafarroan Iruñerriko Mendillorritik zabaldu denak..

Osakidetza berriro astelehenean hasi da herrikako zenbait datu ematen. Horietan ageri dira EAEko koronabirus positibo berriak zein herriri dagozkion. Araban, azken hiru egunetan metatutako 25 berrietatik Gasteizen hauteman dira 14. Bizkaian hiru egunetan 180 pilatu dira eta horietatik Ermuan 77, Bilbon 57, Barakaldon 10, Basaurin 7... Gipuzkoan  hiru egunetan 219, horietatik Eibarren 66, Zarautzen 53, Bergaran 17, Donostian 13, Ordizian 9, Arrasaten eta Tolosan 7... 

Asteburuan koronabirusaz inor hil denik ez dirudi, agintariek ez dute bederen bakar baten berririk eman. Aldiz, erabat txartu den erreferentzia da R0 edo Rt tasa, koronabirusaren erreprodukzio tasa erakusten duena: Euskal Autonomia Erkidegoan Rt 2,21ean dago gaur, martxoaz geroztik inoiz ezagutu dugun kopuru txarrenean.

Rt indizea Euskal Autonomia Erkidegoan 2020ko uztailaren 19an. (Irudia: Osakidetza)

Herritarren arteko elkarrizketetan entzuten baita positiboen ugaritzea izan daitekeela osasun zerbitzuek, batik bat EAEn, agerraldien jarraipena egiteko ugaritu dituztelako PCR testeatzeak, egindako test kopuruaren eta agertutako positiboen arteko proportzioaren bilakaerak iradokitzen du egoera txarrera doala. Hala uste du, esaterako, COVID-19aren jarraipenean –tartean martxo-apirilean krisi betean EHU unibertitsatetik bertan egindako PCR test propioa martxan jarri izanagatik– erreferentzietako bat den Ugo Mayorrek: