Ehun mugimenduak antolatu du eta Irailaren 23 eta 24an izango da, Antigua auzoko Sert plazan. "Etxez etxe, bizitzaz bizitza, euskal errepublika da giltza" lelopean hainbat ekintza antolatu dituzte.
Ehun mugimenduak kanpaldia egingo du Donostian irailaren 23 eta 24an, salatzeko kapitalismoan etxebizitza ez dela "eskubidea," "negozioa" baizik. Etxez etxe, bizitzaz bizitza, euskal errepublika da giltza lelopean egitarau zabala antolatu dute.
Antigua auzoko Sert plazan egingo dute kanpaldia. Hain zuzen, plaza horretako alokairu sozialeko 522 etxebizitza Black Stone izeneko putre-funtsari saldu dizkio administrazio publikoak.
Ehun-ek agerraldia egin du asteburuan Donostian, kanpaldiaren berri emateko. Bere ustez, etxebizitzarena da "edozein bizitza proiektu aurrera ateratzeko oinarrizkoena den eskubidea", eta, hala ere, normalizatuta ditugu etxebizitzarekin lotutako zenbait problematika: "Gutxien dutenak poliziaren indarrez kale gorrian uztea, ia soldata guztia alokairura bideratu behar izatea eta "gure auzo eta herrietatik, alokairuak eta hipotekak ezin ordainduta, deserrira joan behar izatea", esaterako.
Adierazi dute kapitalismoak Euskal Herrian hartzen duen forma "78ko erregimenarena" eta "frantziar jakobinismoarena" direla, eta erregimen horiek "denon ondasunak gutxi batzuen eskuetara pasatzeko mekanismoa" dela, tartean etxebizitza. Salatu dute Espainian eta Frantzian etxebizitza "negozioa" dela, eta hori ezin dela aldatu. Horregatik, euskal errepublika jo dute irtenbidetzat.
Mahai-inguruak, manifestazioa eta bestelakoak
Hainbat ekintza antolatu dute bi egunetarako. Larunbatean, 10:00etan irekiko dute gunea, eta 11:30ean Euskal Herriko etxebizitza sindikatuekin mahai-ingurua egingo dute. Ondoren, 20minutu taldearen kontzertua eta bingoa egingo dituzte, eta 18:00etan manifestazioa. 20:00etan Donostiako Zinemaldi Alternatiboko film bat emango dute. Igandean, 11:30ean turismoaren inguruko mahai-ingurua egingo dute, eta ondoren Ghau abeslariak kontzertua eskainiko du.