Euskal Konfederazioak joan den larunbatean, ekainaren 23an, Euskal Elkargoak euskarari buruzko bi delibero bozkatu zituen. Euskara Elkargoaren eremuko lurralde hizkuntza gisa ofizialki aitortzeko lehena, euskararen aldeko hizkuntza politika proiektua bigarrena. Bi deliberoei buruzko azalpenak eman zituen artikulu honen bidez.
Euskal Konfederazioa pozten da bi delibero hauek gehiengo handiz bozkatu izanaz. Izan ere, lehen deliberoari dagokionez, 2016ko uztailean argitaratu zuen Euskararen bide orria–Hizkuntza politika berria dokumentuan Euskal Konfederazioak azpimarratu zuen euskara ofizialki ezagutu behar zela lurralde hizkuntza bezala. Halaber, 2016ko azaroan Euskaltzaindiarekin plazaratu genuen adierazpen komunean, euskarari nolabaiteko izaera ofiziala aitortzeko beharra berresten genuen.
Euskararen aitortza ofiziala. Larunbatean bozkatu delibero horrek sinbolikoa edo bistakoa ematen badu ere, oroitarazi behar da lehen aldia dela ipar Euskal Herri mailako instituzio batek bozka bidez euskara lurralde honetako hizkuntza gisa ofizialki aitortzen duela. Bestalde, delibero horrek Euskal Elkargoak euskararen aldeko hizkuntza politika ausarta eramateko duen borondatea berresten eta sendotzen du nolazpait.
Hizkuntza politika proiektua. Hizkuntza politika proiektuari buruz, hain zuzen, egoki eta mamitsu iruditzen zaio Euskal Konfederazioari. Izan ere, gaur egun euskararen alde ematen ari diren pausuak euskalgintzak urte luzaz egindako lanari esker dela oroitarazi ondoren, erran dezakegu, hogeita bat esku hartze eremuen azterketa xehe-xehean sartu gabe, eremuka finkatu helburu eta neurri anbiziotsuez gain beste hainbat puntu interesgarri bezain garrantzitsuak agertzen direla dokumentuan, hala nola:
Azpimarratu dugun bezala, hizkuntza politika proiektua ausarta bada ere, frantses legedi egoki ezagatik mugatua gelditzen da
Hizkuntz esperimentazioa proiektua zehazteko lan baten abiatzea aurtendanik. Azpimarratu dugun bezala, hizkuntza politika proiektua ausarta bada ere, frantses legedi egoki ezagatik mugatua gelditzen da. Baliabide juridikoak mobilizatuz gaur egungo blokatze juridikoak gainditzeko nahiarekin Elkargoak horrelako lan baten abiatzea behar-beharrezkoa da. Txalogarria da esperimentazioaren bidez lege koadroa aldatzeko grina hori ikustea, euskararen garapenean urrunago joateko, koofizialtasuna onarrarazteko.
Helburu argiak finkatzeko asmoa. Orain arte Ipar Euskal Herrian xutik ezarri diren hizkuntza politiken azterketa egiterakoan, denboran kokatu helburu zifraturik ez izatea da Euskal Konfederazioak maiz azpimarratu duen gabezia. Proiektua obratzerakoan horrelako helburuak finkatu nahi izatea positiboa da, proiektuan hizkuntza politikaren jarraipena eta ebaluazio iraunkorra sartzea positiboa den bezala; ororen buru bi gai horiek elkarren artean hertsiki lotuak baitira.
EEPren baitan akuilatzaile eta bultzatzaile nahi izatea. Hizkuntza politikaren eskumena instituzio maila desberdinen artean partekatua bada ere, Euskal Konfederazioak azpimarratu izan zuen batek oldar politikoa eman behar ziola. Beraz herri blokeoko eragileak laguntzeaz gain EEPren baitan akuilatzaile eta bultzatzailearen rola nahi izatea, beste instituzioek –Estatua, Eskualdea, Departamendua– ipar Euskal Herrian dituzten zerbitzuetan eta azpiegituretan euskararen presentzia eta erabilera areagotu ditzaten, begi onez ikusten du Euskal Konfederazioak.
Bi delibero horien edukia kontuan hartuz, oinarri sendoa dugu Ipar Euskal Herrian jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa emateko euskararen aldeko hizkuntza politikan
Elkar aditze dispositibo baten sortzea. Hizkuntza politika proiektuaren lehen zirriborroa aurkeztu zitzaien euskalgintzako eragileei, oharrak, hobetze proposamenak... egiteko parada izan zezaten. Terrenoko eragile horien kontsultatzea eskertu zuen Euskal Konfederazioak. Orain hizkuntza politika proiektua prest eta bozkatua dela horrelako elkar aditze dispositibo baten bidez herri mugimenduarekin kontzertazioa segitu nahi izatea, hizkuntza politika publikoaren onurarako, egoki bezain beharrezkoa da Euskal Konfederazioaren ustez.
2017ko otsailean hizkuntza politikaren eskumena hartzea erabaki zuenetik joan den larunbateko bi delibero horien bozkara, hautetsiek osatu Euskara batzordearen xutik ezartzetik pasatuz, erran dezakegu orain arte Euskal Elkargoak bere bizi laburrean euskarari dagokionez egin duen ibilbidea baikorra dela.
Bi delibero horien edukia kontuan hartuz, oinarri sendoa dugu ipar Euskal Herrian jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa emateko euskararen aldeko hizkuntza politikan. Orain hizkuntza politika horren obratzea izanen da Euskal Elkargoaren betebeharra, hots erakutsi asmo onetatik ekintzetara pasatzea. Erronka polita, lan handia eskatuko duena.
Orain arte egin bezala hizkuntza politika proiektua eraikitzen laguntzerakoan, Euskal Konfederazioa eta bere kideak elkarlanerako prest dira, bakoitza den lekutik eta duen funtzioa gogoan harturik, lan handi horretan denek baitugu zer ekarri eta zer proposatu.
Orain euskara ipar Euskal Herriko hizkuntza gisa ofizialki aitortua dela, behar eta merezi duen bezalako hizkuntza politika eskain diezaiogun!
Euskal Konfederazioa
Baiona, 2018ko ekainaren 23a.