argia.eus
INPRIMATU
Bi bilkura eta inkognita bat

Mikel Aramendi 2024ko martxoaren 05a
Argazkia: Xinhua

Zaletuon jakin-mina besterik piztu gabe –mundu-parte honetan; oso bestela da beste alde batzuetan–, abian dira Beijingen aurtengo Bi Bilkurak: aldi berean eta agertoki berberean, baina bakoitza bere aldetik eta berezko agendarekin urtean behin, astebete inguruz, elkartzen den jendeketa. Batetik, Txinako Herri Batzar Nazionala, hau da, parlamentua dei genezakeena; eta bestetik, Txinako Herri Konferentzia Politiko Aholku-emailea, gure inguruan kidekorik ez duen ganbera deliberatzailea. Bost mila lagun baino gehiago, guztira.

Norbaitek esango du Mendebaldean kausitzen den ezaxola horrek zerikusi zuzena duela bilkura bietan hartuko diren erabakiak aldez aurretik idatzita egotearekin. Bai, idatzita daude dagoeneko, ziur... baina horrek ez du esan nahi ezagunak ditugunik. Eta, batez ere, Txinako politikagintzan hain erabakigarriak diren ñabardurak ezagutzen ditugunik.

Adibidez, ezbairik gabekoa da HBNaren ebazpenetan ekonomia izango dela protagonista nagusi-nagusia. Baina, era berean, agerikoa da Txinak aurtengorako bere ekonomiaren hazkunde-tasa zein mailatan jartzen duen jakiteko irrikatzen dagoela munduko ekonomia. Zifra horrek mundu-mailan ere eragin zuzena izango duelako. Eta biraketa betean dagoelako, gainera, Txinako ekonomia bera.

Beste bilkuran, Konferentzia Aholku-emailean, “Itsasarteko Harremanei” –hau da, Taiwani eta haren ingurukoei– buruz hitz egin eta bateratzearen doktrina berretsiko dela segurutzat eman daiteke. Baina ñabardura terminologikoak inoiz baino lupa handiagoaz aztertu beharko dira, Wang Huning-en kudeaketa politikoa ez baita kontinuismo hutsekoa izaten ari bere eskumeneko Konferentziaren gaietan.

Mendebaldearen ezaxola horregatik edo oharkabean geratzen ari da, haatik, beste uneren batean albiste potolotzat hartuko genukeena: Alderdiaren 20. Komite Zentralaren hirugarren Osoko Bilkura elkartu gabe egiten ari dira aurtengo Bi Bilkurak. Zeharo ezohikoa da hori.

Alderdiaren 20. Kongresuak 2022ko urrian hautatu zuen Komite Zentralak bere lehen bi Osoko Bilkurak usadioaren araberako epeetan egin ditu; eta iazko udazkena eta aurtengo otsaila artean egitea zegokion hirugarrenari. Ñabardura batekin: hirugarren osoko bilkura horrek, usu, ekonomia-gaiak izaten ditu aztergai ia bakartzat; eta han hartutako erabakiak berresten ditu ondoren HBNk bere bilkura martxo aldera egiten duenean. Baina aurten ez.

Horrek ez du esan nahi aurtengo Bi Bilkuretan onetsiko den guzti-guztia Alderdiaren, Politburoaren, eskutik ez datorrenik. Baina bai Komite Zentrala arauz biltzea zailtzen edo eragozten duen zerbait badagoela.

Interesgarria izango litzateke inkognita hori argitzea.