Urtarrilaren 13an, eguerditan, Vienako Leopoldauestrassen karrikan erosketetan ari zen Umar Israilov, 27 urtekoa. Epizeriatik ateratzean bi gizon zain, hirugarrena autoan. Errebolber tiroz hil zuten Israilov txetxeniar iheslaria. Errefuxiatu paperen jabe zen eta lekuko gogaikarria.
Umar Israilovek ondo zekien gainean zeuzkala jazarleak. Austriako poliziari hala adierazia zion, hilketaren biharamunean gobernuko bozeramale batek onartu zuenez. Baina poliziek ukatu egin zioten beretzako eta familiarentzako eskatutako babesa, agenteak aurreragoko arriskuetan ari zirelako lanean. Israilovek Floridsdorf auzoko komertzio haren atarian azkar ulertu zuen espaloian zeuden bi tipoak bila zetozkiola. Leopoldauestrassen-en behera hasi zen korrika, eskuetan zekartzan zorroak botata. Baina tiroz zaurituta erori zen, eta lurrean errematatu zuten: bi bala buruan.
Handik astebetera prentsak haizatu zuen kasua. Pariseko Le Mondek tarte handia eskaini zion, AEBetan New York Timesek ere bai, Suitzako Le Tempsek... Denek jo dute hilketaren susmagarritzat Txetxeniako presidente Ramzan Kadyrov, Kaukasoko herrialde hartan Vladimir Putin errusiarraren eskumakila dena eta beste askoren artean Anna Politkovskaya kazetariaren hilketa ere egozten zaiona. Umar Israilov ez zen hura bezain ospetsua Europan, baina eskarmentutzat balio zezakeen.
Hain gazte izan arren Israilov kurrikulu baten jabe zen. Oso gaztetatik errusiarren kontrako gerrillan aritu zen, 2003an Kadyroven gizonek detenitu zuten arte. Ondorengo hilabeteak Txetxeniako presondegi ezkutuetako batean eman zituen. Basatiki torturatu zuten eta, gero kontatu duenez, beste arrestatu batzuen torturak eta hiltzeak ere ikusi zituen.
Errusiarrek gerra “txetxeniartu” nahi izan dute urteotan, ahal dituzten gerrillariak lubakiz aldatu eta Errusiaren alde borrokatzen behartuz. Ez ahaztu Kadyrov presidentearen aita bera, gerrillariek Grozniko estadioan bonbaz hil zutena, gerrillari “eraldatua” izan zela. Horregatik errusiarren aldeko armadan borrokatzera behartu zuten Israilov. Honek hilabete gutxiren bueltan familia osoarekin ihes egitea lortu zuen arte. Errusian barrena Poloniara estreina, eta segurtasun handiagoaren bila Austriara gero.
Umar Israilovek Txetxeniako agintarien kontrako eta zehazki Ramzan Kadyroven aurkako salaketa aurkeztu zuen Giza Eskubideen Europako Batzordean. Israilovek aitortu zuen Tsenteroi herriko kiroldegian gorde eta torturatu zutela, beste txetxeniar matxino ugari bezala. Jipoitzen zuten, burdinazko barraz kolpatzen, metal gorituz erretzen eta baita elektrokutatzen ere, batzuetan gimnasioko makinetan eserita.
Astean hirutan Kadyrov presidentea bera bertan izaten zela zioen Israilovek, torturak behatzen eta tarteka bera ere kolpeka. “Barrezka aritzen zen, sadikoa da”, dio prentsak eskuratu duen salaketan. Xehetasun eta izen asko zehaztu zituen.
Errusiako Gobernuak –Txetxeniari independentzia kendu zionetik berriro Errusiar Federazioaren zati baita– atxilotzeko nazioarteko agindua zabaldu zuen, erakunde terroristako kide delakoan. Baina Israilovi agiri horrek baino beldur handiagoa eragin zion maiatzean etxean azaldu zitzaion gizonak. Artur Kurmakaiev delako batek eskatu zion Txetxeniara itzul zedila eta atzera egin zezala Giza Eskubideen Batzordean aurkeztutako pleintan.
Kadyrov presidentearen gizonek ezusteko galanta jaso zuten Kurmakaievekin. Izan ere, Israilov ximurtu eta Groznira itzultzeko partez, elkarrizketa haren ondoren Kurmakaiev mezularia bera izan zen atzera egin zuena. Kurmakaiev Austriako poliziarengana aurkeztu zen aitortzeko Groznitik bidali zutela zeregin zikin horretara eta Europan bazirela antzeko kasu gehiago, non Txetxeniako iheslariak edo bahitu dituzten edo beren sorlekura itzuli diren eta beti ere azkenean desagertzeko.
Kurmakaievek polizia austriarrei kontatu zien Grozniko agintariek iheslariak harrapatzeko antolatutako sare berrikoa zela. Deklarazioan zehaztu zuen bere begiez ikusi zuela Kadyrovek Gudermes hirian daukan jauregi barruan 5.000 txetxeniar arriskutsuren izenen zerrenda, eta esan zitzaiola horietatik 300 hil beharrekoak zirela, 50 Austrian bertan.
Handik gutxira Kurmakaiev Txetxeniara itzuli zen, komunikabideek ez diote ez nola eta ez zergatik. Geroztik ez da haren arrastorik. Alta, Kurmakaievek hasitako lana beste norbaitek bukatu du: iheslaria etxeratzera behartu edo kalitu. Amnesty International erakundeak eskatzen du argitzeko Israiloven hilketa eta Kurmakaieven desagertzea.
Israiloven akabatzea, Austriako agintarientzako diplomaziazko buruhausteen iturri izateaz gain, anekdota litzateke bakarra balitz. Baina Amnesty International, Human Rights Watch eta beste erakundeek antzeko kasu gehiago bildu dituzte informeetan, eta errudun nagusi Kadyrov presidentea jo.
Human Rights Watchek kalkulatu du 1999tik iaz arte 5.000 herritar “desagerrarazi” dela Txetxenian, ia beti armada errusiarrak, polizia txetxeniarrak edo paramilitarrek harrapatuta. 2008an bertan iraila arte 30 pertsona bahitu zituzten, horietatik zortzi desagertuz.
Hauetako bat da Mokhmadsalakh Masaev-en kasua. Gudermesen arrestatu zuten militarrez jantzitako gizonek 2007ko irailean eta bahituta eduki lau hilabetez 2008ko urtarrila arte. Irtendakoan, Novaya Gazeta egunkarian adierazi zuen Tsenteroiko kiroldegian eduki zutela, gogor torturatuz. Uztailaren 19ko edizioan azaldu zen salaketa. Abuztuaren 2an, egun argitan, Groznin atzeman zuten berriro militarrek, eta geroztik inork ez du bizirik ikusi Masaev.
Giza eskubideen Txetxeniako urraketak gutxi aipatzen badira gure artean, hango gatazka politikoa erabat ahaztuta dago. Ivar Admunsen giza eskubideen militante norvegiarrak honela laburbildu du: “Jendeak arreta jartzen du Georgian, Abkhazian eta Hego Osetian gertatzen denean. Baina Txetxenia, Ingusetia eta Dagestaneko arazoak erabat ahaztuta daude Mendebaldean”.
Erresistentziaren informazio gune den Chechen Press irakurriz edonor ohartzen da oraindik bdirela dela Errusiaren itzaletik askatzeko indarka ari direnak. Iturri neutroagoa aipatzeagatik, ingelesezko Wikipediatik eskuratu daiteke Errusiako aginteek, Kadyroven gobernuak eta erresistentziako mundu katramilatsuak urteotan egindako bilakabidearen berri.
Austriak Umar Israiloven asesinatzea argitu behar luke ondoko hilabeteetan. Egingo ote? Errusiako gasak gehiegi balio du hilotz horrengatik zalapartan hasteko.
Argazki oina: Irudia Olga izeneko batek paratu du Interneten eta Txetxeniako hiriburu Groznin iazko udaran dago egina: poliziaren egoitza erakusten du, atarian goardiako agentea eta horman eskegita Ramsan Kadyrov presidentearen irudia bandera barruan. Ramsan 2004an gerrillak hil zuen Akhmad Kadyrov presidentearen semea da. Vladimir Putinen laguntzarekin 2007ko udan Alu Alkhanov kendu eta bera jarri zen lehendakari, 30 urterekin. Bere milizia propioa erabili du eta Txetxeniako gizonik aberatsena da. Europan giza eskubideak gehien urratzen dituen agintaria da.