argia.eus
INPRIMATU
Bi autobide eta ubide bat ordaintzen ari da Nafarroa 2045 arte: 2.676 milioi euro
  • UPNren kudeaketaren arrastoak luzaroan nozituko dira Nafarroan alor ugaritan. Hiru azpiegitura handien ordainketa itzalpeko bidesariz egiten da eta kontu publikoak gogor zamatuko ditu urtero. Hiru obra hauek 976 milioi euroko kostua izan dute, baina Nafarroako Gobernuak 2.676 ordainduko ditu, kostua baino 1.700 milioi euro gehiago, ia hiru aldiz gehiago.

Xabier Letona Biteri @xletona 2020ko abenduaren 09a
Nafarroako Ubidearen zati bat. (Arg.: La Voz de la Merindad) Nafarroako Ubidearen zati bat. (Arg.: La Voz de la Merindad)

Bideko Autobidea (Iruñea-Logroño), Pirinioetako Autobidea eta Nafarroako Ubidea dira UPNk abiarazitako hiru azpiegiturak, eta aipatzen ari garen datuak Nafarroako Kontuen Ganberak iragan azaroaren 13an emandakoak dira, 2019ko Nafarroako Kontu Orokorrei dagozkionak. UPNk azpiegitura hauek itzalpeko bidesari bidez ordaintzea erabaki zuen, hau da, emakide jaso duten enpresek hasiera batean azpiegituraren kostu osoa berenganatzen dute eta Nafarroako Gobernuak urtero kopuru bat ordaintzen die ondoren, azpiegiturok erabiltzen diren arabera.

Bidesari horiek hipotekatuta daukate Foru Erkidegoa, gutxi gorabehera 1.865 milioi euroko ordainketa-konpromisoekin. Horrek esan nahi du Nafarroako Gobernuak urtero 100 bat milioi euro gastatzen dituela azpiegitura horiek ordaintzen, aurrekontuaren %2 gutxi gorabehera. Datuok Diario de Noticias-ek argitaratu ditu astelehen honetan. Hiru proiektu horiengatik 811,5 milioi euro ordaindu dira dagoeneko –falta dira orain egiten ari den ubidearen zabalkundearen 147 milio– eta 2.676 milioi euroko kostua izango dute guztira; horietatik 1.865 milioi euro dago ordaintzeke: 1095 milioi A-12 autobideagatik eta A-21 eta 770 kanalagatik.

Bideko Autobidea

Obrak 300 milioi euroko aurrekontua izan zuen, baina kostua 389 milioi euro ingurukoa izan zen, eta Nafarroako Gobernuak 20 milioi euro gehiago ordaindu zituen autobia martxan jartzeagatik –2006ko irailean– aurreikusitakoa baino sei hilabete lehenago. Enpresa esleipendunak irabaziak izan zituen hasiera-hasieratik. 2007-2013 aldian 45 milioi irabazi zituen, Kontuen Ganberaren txostenaren arabera. Negozioa hain izan da ona, jabetza lau aldiz aldatu dela eskuz. 2017ko ekainaren 30az geroztik, A-12 errepidearen ustiapena UBS azpiegitura-funtsaren jabetzakoa da.

Baina egiazko kostua Nafarroako Gobernuarentzat 1.019 milioi eurora iritsiko da, enpresa emakidadunak bere gain hartzen dituen mantentze gastuak barne. Oso negozio garestia diru-kutxa publikoarentzat: maileguaren formula klasikoarekin 700 milioi euro inguruko kostua izango zukeen.

2017rako –ustiapenaren lehen hamar urteetan– enpresa esleipendunak 427 milioi euro jaso zituen, autobidea martxan jartzearen kostua baino 38 gehiago. 2019an, 49,4 milioiko kanona kobratu zuen eta aurten gutxiago fakturatuko du, pandemiak trafikoa murriztu baitu.

Pirinioetako Autobidea

A-21 errepidea ez da hain errentagarria. Pirinioetako Autobidetik Nafarroatik igarotzen diren azken 15,8 kilometroak ere (45 dira guztira) itzalpeko bidesari bidez eginda daude. Bere kostua 271 milioikoa izan zen.

Ustiapenaren lehen bi urteetan, A-21 ez zen sustatzaileek espero zuten negozio handia izan, 600.000 euroko galerak aitortu baitzituzten. Ondorioz, 2013ko urrian Foru Gobernuari erreklamazio bat aurkeztu zioten oreka ekonomikoa berrezartzeko, Nafarroako mugatik aurrera autobia ez eraikitzeak trafikoan eragin negatiboa duela argudiatuz. Ez Nafarroako Gobernuak ez auzitegiek ez zuten aintzat hartu eskaera. Kexuez gain, enpresa kudeatzaileak diru asko irabaziko du negozioarekin 2045a arte: dagoeneko 127 milioi berreskuratu ditu inbertitutako 271 milioietatik, eta Kontuen Ganberak uste du beste 600 milioi euro jasoko dituela, 727ra iritsi arte.

Nafarroako Ubidea

Kanala oraindik obran dago eta bigarren zatia egiten ari dira. Kasu horretan, urteko kanona Foru Gobernua ( % 85) eta ureztatzaileen ( % 15) artean ordaintzen da. Aguacanal izan zen 2006an lehen fasea martxan jarri zuen enpresa, 169 milioiko inbertsioa egin ondoren. Akziodun nagusiak Acciona y Aguas de Barcelona (Agbar) ziren, kapitalaren % 35arekin. Negozioa agerikoa da eta joan den astean jakin zen Accionak atzerriko funts bati saldu ziola Aguacanalen zuen partaidetza. Bukatzear dagoen bigarren faseak 147 milioi euroko kostua izango du. Bi inbertsioak, beraz, 316 milioikoak dira.

Orain arte, lehen faseko kanonak eta handitzeak 159 milioi euroko kostua izan du gobernuarentzat. Kontuen Ganberaren arabera, beste 770 milioi euro ordaindu beharko dira (349 lehen faseagatik eta 421 luzapenagatik) 25 urte barru UPNk hartutako konpromisoak amaitu baino lehen.