argia.eus
INPRIMATU
Bi atxilotu jotzeagatik salatutako bina ertzain zigorrik gabe
  • Poliziaren Kontrolerako Batzordeak txosten bat egin zuen polizien erasoaren harira, El Diario hedabideak azaldu duenez. Epaileak, Iñigo Cabacasen auzia zuzendu zuen berak, ebatzi du ertzainek ez zutela deliturik egin.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 21
Bi ertzain artxiboko irudi batean. / Argazkia: Irekia

Bi atxiloturi ostikoz eta ukabilkadaz eraso egin zieten bi ertzain zigorrik gabe utzi ditu Ertzaintzak. El Diario hedabideak jaso duenez, Poliziaren Kontrolerako Batzordeak egindako txostenak modu oldarkorrean jokatzea leporatzen zien poliziei, baina espedientea ixtea erabaki du Barne Arazoetako Unitateak.

Txostenaren arabera erasoa iaz gertatu zen, Bilbon. Pasa den ekainerako Ertzaintzaren kontrolerako eta gardentasunerako sailak ondorioztatu zuen bi ertzainek indarkeria erabili zutela, eta ikerketaren buru zen epaileak ere bideo batekin frogatu zuen. Prebentziorako hartutako neurri bakarra izan zen bi agenteek San Frantzisko auzotik kanpo –bertan izan zen erasoa– lan egitea. Batzordeak Ertzaintzaren arduragabekeria salatu du.

Irailean, ordea, diziplinazko zigorrik ezarri gabe itxi diete espedientea, eta aldi berean, prozesu judiziala ere eten du Ane Torres epaileak –Iñigo Cabacasen kasua zuzendu zuen epaile bera da–. Argudiatu du bi ertzainek atxilotuak jo izana ez dela delitua, eta biktimek ez zutela lesiorik sufritu, El Diario-ren arabera.