argia.eus
INPRIMATU
Bi atxilotu Donostian, larunbateko Ertzaintzaren jokabidearen aurkako manifestazioaren osteko istiluetan
  • 400 lagun batu dira astelehen ilunabarrean Donostiako Alde Zaharrean, bi egun lehenago Ertzaintzak izan zuen jokabidea salatzeko deitutako manifestazioan. Auzoan barrena bi lerrotan antolatuta egin dute protesta. Hasieran argi utzi nahi izan dute larunbatean ez zela inongo boteiloirik egon eta Ertzaintzak eragin zituela istiluak. Manifestazioaren amaieran, istiluak izan dira Ertzaintzarekin eta bi gazte atxilotu dituzte.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 15a
Ertzaintzako agenteak Narrika kalearen sarreran. (Argazkia: Gedar)

“Larunbatean Trinitate enparantzan ez zen inolako boteiloirik izan. Arrazoirik gabe eta inpunitate osoz gazteoi egurra banatzen hasi ziren –utzi nahi izan zuten garbi antolatzaileek manifestazioaren hasieran–. Indarkeria polizialarekin batera, El Diario Vasco, El Mundo eta EiTBren manipulazio mediatikoa agerikoa izan da. Zabaldu zituzten irudietan argi ikusten da polizia nola oldartu zen gure aurka inolako justifikaziorik gabe. Gazteria kriminalizatu nahi dute pandemiaren aurrean ardura gurea dela sinetsarazteko. Aldiz, arduradun instituzional, mediatiko, politiko eta ekonomikoak dira bizi dugun egoeraren arduradun eta erantzuleak. Eta bai, oso larria da gertatzen ari dena eta ez dugu larunbateko gertaerara mugatzeko asmorik”.

Beren ustez, agintariak elite ekonomikoaren interesak ari dira defendatzen herritarren osasunaren gainetik. "Metro eta AHTa eraikitzen dituzte osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuetan murrizketak egiten ari diren bitartean. Aski da, poliziak ez gaitu babesten, mehatxatu eta jipoitu egiten gaitu. Polizia ordena soziala mantentzeko dago, elite ekonomikoaren interesak defendatu eta agintari politikoen neurriak aplikatzeko. Hedabideak, berriz, manipulazio mediatikoaren bitartez zapalkuntza hau zuritzen dute, horixe da beren funtzioa, eta horregatik ez dituzte hitz hauek sekula publiko egingo", adierazi dute.

Gazteak eta langileak direla, eta ez dutela beren etorkizuna burgesiaren eskuetan utziko aldarrikatu dute. "Banatu dezagun aberastasuna eta bana dezagun lana, eta irabaziak. Hori da bide bakarra. Borroka poliziaren eta manipulazioaren aurka. Borroka burgesiaren ofentsibaren aurrean. Eskubide guztiak borrokatuz irabazten dira eta etsaiak ez digu barkatu. Antola gaitezen borrokatzeko".

Irakurketaren ostean, Alde Zaharrean manifestatu dira osasun neurriak hartuz, bi lerro osatuta. 40 minutuz auzoan barrena ibili ostean, Plaza Berrian bertan amaitu zen, txalo zaparrada eta irrintzi artean.

 

Behin amaituta, Ertzaintza agertu denean, istiluak hasi dira Narrika kalean manifestarien eta polizien artean. Bi pertsona atxilotu dituzte desordena publikoak egotzita. Ordubetetik gora iraun zuten istiluek Gipuzkoako hiriburuko Alde Zaharrean.