argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko zahar egoitzetan bi asteko grebara deitu du ELAk
  • ELA sindikatuak Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileak deitu ditu bi asteko greba egitera, irailaren 21etik hasita. Ez da izango aurten sektorean egiten den lehenengo lanuztea –hamazortzi greba egun zituzten martxoan eta ekainean–, baina bai luzeena. Bizkaiko Aldundiari eta egoitzetako patronalei “akordioak lortzeko borondaterik ez izatea” leporatu diete.

ARGIA @argia 2016ko irailaren 06a
Maiatzean egindako sektoreko mobilizazio bat. (Argazkia: ELA)

“Sektoreko hiru patronalek (GESCA, LARES, ENBE) ez dituzte kontuan hartzen langileen eskariak, eta horiek gero eta baldintza prekarioagoetan eutsi behar diote zerbitzuaren kalitateari”, kexatu da sindikatua. Asteko 35 orduko lanaldia, soldata igoera duina, baja-egoerak hobetzea eta gehiegizko lanaren arazo “larriari” konponbidea ematea eskatuko dute, besteak beste. Ez dute baztertu grebaren iraupena luzatzea, bi asteotan akordiorik lortzen ez badute.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta patronalen jokabidea gaitzetsi du ELAk: “[Lan baldintzez baino] Patronalak gehiago arduratzen dira plaza bakoitzeko plaza igotzeaz; Aldundiak laster berraztertuko ditu preziook, eta norgehiagoka ari dira ea hiruretatik zeinek handitzen duen plaza kopurua; alegia, Aldundiak diruz lagundutako plaza kopurua”.

Zenbait egoitzatan gutxieneko zerbitzuak bete gabe uztea eta greba egiten dutenak mehatxatzea leporatu die sindikatuak patronalei. Kasu batean langile bi kaleratu dituztela salatu du, gainera.

Bestalde, Aldundiaren ardura aipatu dute, “hura baita egoitza guztietan zerbitzu unibertsala eta kalitatezkoa, eta sektoreko langileen baldintzak arautzen dituen hitzarmena benetan betetzen dela bermatu behar duena.”