argia.eus
INPRIMATU
Bi arrantzale desagertu dira Ziburun, itsasontzi bat hondoratuta
  • Hiru arrantzaleetatik bi desagertuta daude, eta erreskatatu dutena Baionako ospitalean artatu dute, hipotermiak jota.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko abenduaren 22a
Argazkia: La Haine

Hiru arrantzaleren itsasontzia hondoratu da ostiralean Ziburun (Lapurdi), Zokoako diketik gertu. Antza, itsasontzia Ziburuko arrain enkantera bidean zela, 200 metrotara desbideratu eta Zokoako dikea jo du, goizeko 02:00ak aldera.

Eneko Aldana Ziburuko alkateak Euskadi Irratiari emandako adierazpenetan kontatu du erreskate lana “konplikatua eta gogorra” izan dela. 30 urteko gizonezko bat eta 58 urteko beste gizonezko bat dira desagertuak, eta 40 urteko hirugarren arrantzalea erreskatatzea lortu dute. Baionako ospitalean artatu dutela gaineratu du alkateak: “Ura 12 graduan dago eta hipotermiak jota aurkitu dute”.

Bilaketa eta erreskate lanetan ari dira bi dozena suhiltzaile, bi helikoptero eta erreskate ontzi bat, gutxienez. Gertakaria ikertzen jarraituko dutela adierazi du alkateak.