argia.eus
INPRIMATU
Bi ama lesbianez osatutako familiei eskubideak kendu nahi dizkiete Italian
  • Sexu bereko gurasoen seme-alabak erregistratzeari uzteko eskatu du Italiako Gobernuak, eta Paduako Fiskaltzak ildo horretako neurria hartu du: 2017az geroztik bi amarekin jaio diren haurren erregistrotik erditu ez den amaren abizena kentzeko eskatu du. Erregistrotik ezabatuta, bai ama horrek bai bere haurrak eskubide ugari galduko lituzke. Neurria Italiako beste eskualde batzuetara zabaldu daiteke.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko ekainaren 23a
Guda ideologikoa alboratzeko eta haurrengan pentsatzeko eskatu du Paduako alkateak.

LGBTI+ kolektiboaren aurkako gurutzada hasia da, Georgia Meloni ultraeskuindarraren Gobernuak agintzen duen herrialdean. Paduako Fiskaltzak oharra bidali die bi amaz osatutako 33 familiari, eta ziurrenik gehiagori ere iritsiko zaie, 2017az geroztik bi amarekin erregistratu diren Paduako haur guztiei zuzendutako neurria jarri nahi baitu martxan: jaiotza akta guztiak moldatzeko eskatu du, seme-alabaz erditu ez den ama erregistroetatik desagerrarazteko, haren abizena kenduta.

Zein eragin du?

Erregistrotik kenduta, eskubide ugari galduko lituzke familiak: eskolatik haurra jasotzea bera, osasunari eta tratamendu medikuei lotutako erabakiak hartzea, edota erditu den ama hiltzen bada seme-alabekin geratu ahal izatea. Erditu ez den amari uzten zaion aukera bakarra da bere haurrak adoptatzea, baina prozesu luzea eta sarri oztopoz betea izan ohi da.

Italian udalei dagokie jaiotzak erregistratzea, eta neurria Italiako beste leku batzuetara zabal daitekeen beldur da bat baino gehiago. Fiskaltzak esan du legea bete baino ez duela egin eta Gobernuko ministro Luca Cirianik garbi utzi du Italian “ezkontza gizon eta emakume baten artekoa” baino ez dela, “eta beraz, soilik guraso biologikoaren abizena erregistratu daiteke seme-alaben abizen gisa”.

Fiskaltzaren proposamenak epaitegietako bidea egingo du orain.

Guda ideologikoa alboratzeko eta haurrengan pentsatzeko eskatu du Paduako alkateak. Oharra jaso duen ametako batek, berriz, funtsezko eskubide bati erasotzen zaiola adierazi du: “Egunerokoan eragina izateaz gain, identiateari berari eragiten dio”.