argia.eus
INPRIMATU
Bi abiadurako internet ezartzeko zirrikitua ireki du Europako Parlamentuak
  • Interneteko neutraltasunak abiadura berdina ziurtatzen du kontuan izan gabe hartzailea, igorlea edota bidalitako informazioa. Parlamentua bi urtez aritu da internet eta roamingaren inguruko testua lantzen, eta emaitzak interneteko neutraltasuna kolokan jarri dezake.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 28a
Interneteko hornitzaileek erabaki ahalko dute zein daturi eman lehentasuna.

Testuaren helburu nagusia roaminga kentzea da. Hau da, telefono mugikorren operadoreek ezartzen dituzten gain-kostuak atzerritik deitzerakoan. 2016an ezarriko da lehen prezioen jaitsiera Europar Batasunaren barruan dauden herrialdeetan. Testu berean baina, interneteko neutraltasuna erabat babesteari uko egin dio Europako Parlamentuak, testuaren zuzenketa guztiak ez baititu onartu. Parlamentuko PPE, sozialisten eta liberalen taldeetako diputatuen kontrako botoek zirrikitu bat ireki dute hornitzaileek erabakitzeko sarearen abiadura.

Laburbilduz, Europar Parlamentuak internet “irekia eta traba gabea” bermatzen du, baina baldintza batzuk ezarriz: agindu judizialak betetzea, trafiko pilaketa ekiditea, legedia betetzea eta sareko erasoetatik babestea. Baldintza horiek direla eta, ezinezkoa da erabateko neutraltasuna bermatzea sareko informazio abiaduran, informazio batzuk diskriminatu egin daitezkeelako hartzailea, igorlea edota bidalitako informazioa dela eta.

Operadoreek botere gehiago
ISP edo interneteko hornitzaileak aukera izango dute sareko trafikoa sailkatu eta abiadura ezberdinak emateko

ISP edo interneteko hornitzaileak aukera izango dute sareko trafikoa sailkatu eta abiadura ezberdinak emateko. Besteak beste, “zerbitzu zehatzei” edo “interes handikoei” abiadura gehiago eman ahalko diete. Vinton Cerf interneteko sortzailetako bat lehentasuna ematearen alde agertu da oinarrizko zerbitzuen kasuan. Abiadura aldaketa horiek nork erabakiko dituen da ordea arazoa. Gunther Oettinger ekonomia digitaleko komisarioak ziurtatu du trafiko guztia berdin tratatuko dela, eta aldaketak herrialdetako erregulatzaileek gainbegiratuko dituztela.

Bestalde, hornitzaileek trafiko pilaketa bat aurreikusten badute abiadura gehiago eman ahalko diete datu zehatz batzuei. Ondorioz, abiadura aldaketak erregulatzaileek kontrolatuko badituzte ere, hornitzaileen esku egongo da sare bat lehenestea testu berriak aipatutako lau kasuetako bat argudiatuz gero. Hainbat enpresa teknologikok Europako Parlamentuaren erabakia kritikatu dute gutun bidez.