argia.eus
INPRIMATU
Bi abertzale Pauen
  • EH Bairen ordezkari, Annie Poveda urruñarra eta Iker Elizalde hendaiarra sartu dira Pirinio Atlantikoetako departamenduko kontseilura, Hendaia-Euskal Kostaldea kantonamenduan gailendurik. Ezkerreko abertzaleen koalizioa, botoen %52,9 lorturik, garaile atera da hauteskundeen bigarren itzulian, orain artean Pauen egondako sozialistei lekua harturik.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko ekainaren 28a

Ipar Euskal Herriko hamabi kantonamenduetarik zazpitan egon dira abertzaleak bigarren itzulian eta Hendaia, Urruña, Biriatu biltzen dituen Hendaia-Euskal Kostaldean dira soilik irabazle atera, nahiz eta guztietan lehen itzulian baino boto anitzez gehiago bildu. Duela sei urte Alain Iriart Hiriburuko auzapez abertzaleak bigarren aldikoz irabazi zuen kantonamendua ez du bere eskuetan atxiki aldi honetan EH Baik: Maider Behotegi eta Marc Saint-Esteven zentro-eskuindarrak atera dira garaile botoen %60,66 bilduz. Orokorrean, lortu emaitzak baikorki baloratu ditu EH Baik: "Urte luzeetan kolektiboki eramandako lanaren emaitza da". 

Beste behin ere, eskuinak eta zentro-eskuinak osaturiko taldea atera da garaile departamendu mailan bezala Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin. Ipar Euskal Herriko 24 kontseilarietatik 22 izanen dituzte, sozialistek azken kargualdian zituzten sei aulkiak galdu dituztelarik eta ezkerreko ordezkaritza bakarra abertzaleena bilakatzen denean. Paueko 54 hautetsietatik 38 dira eskuinaren eta zentro-eskuinaren artean osaturiko Forces 64 aldekoak. Alderdi Sozialistaren porrot aipagarriena Baiona 3koa izan da, Henri Etcheto departamenduko oposizioko buruak Florence Dupreuilhenkin batera osatu hautagaitzak galdu duelako bigarren itzuliko lehia, 29 bozengatik bakarrik. Haatik, Jean-Jacques Lasserre departamenduko gaur egungo buruak errazki irabazi du Bidaxune-Amikuze-Oztibarre kantonamenduan, Anne Marie Brutherekin batera, bozen %63,49 lorturik, parean zituelarik EH Baiko Emilie Dubois eta Xabi Larralde bikotea, 2.659 boz lorturik –lehen itzulian baino 968 gehiago–. Hori horrela, ezustekorik ez bada behintzat, hirugarren aldiz lotuko zaio presidente kargualdiari.

Lehen itzulian baino parte-hartze pixka bat handiagoa izan bada ere, abstentzioa izan da garaile nagusia bigarren itzulian ere: %40,13koa izan da.