argia.eus
INPRIMATU
Bhutan, nekazaritza ekologikoa bakarrik baimenduko duen lehen herrialdea
  • 2020. urtetik aurrera Bhutanen nekazaritza ekologikotik datozen fruta eta barazkiak bakarrik ekoiztuko dituzte. Neurri hori hartuko duen munduko lehen herrialdea izango da.

ARGIA @argia 2013ko martxoaren 07a
Bhutango agintariek herritarren elikagaien kalitatean jarri dute ikusmira eta nekazaritza ekologikoa bakarrik baimenduko dute.

Pestizidak eta herbizida kimikoak galaraziko dituzte hemendik zazpi urtera Asia erdialdeko estatuan. Hartara, nekazari bhutandarrek ongarri organiko naturalak bakarrik erabiliko dituzte. Neurri hauekin elikagai gehiago haztea espero du Gobernuak, eta kalitate hobekoa izatea espero denez, inguruko herrialdeetara gehiago esportatuko dutela uste dute, hala nola, Indiara edo Txinara. 

Pema Gyamtsho nekazaritza ministroak, Indian antolatutako Garapen Jasangarriari buruzko Goi Bileran iragarri zuen neurria otsailean. Ministroa bera ere nekazaria da Descontamina webgune txiletarrean irakur daitekeenez. Neurria iragartzearekin batera, gai kimikoek fruten eta barazkien kalitatean daukaten eragin kaltegarria nabarmendu zuen.

Nekazaritza ekologikoa bultzatzeko erabakia praktikoa eta filosofikoa dela adierazi du Gyamtshok. "Gurea lurralde menditsua da. Produktu kimikoak erabiltzen ditugunean ez dira erabili ditugun lekuan bertan geratzen, landareengan eta urarengan eragina dute. Ingurugiro osoa hartu behar dugu kontutan. Nekazaritza lantzeko modu gehienak tradizionalak dira, beraz, orain ere herri ekologikoa gara parte handi batean".

Nekazaritza organikoa bakarrik erabiltzeak denbora beharko duela adierazi dute, horregatik ez dute epe mugarik jarri. "Ezin dugu egun batetik bestera egin. Eskualdez eskualde joango gara, kimuz kimu".

750.000 biztanle inguru ditu Bhutanek. Barne Produktu Gordinari beharrean, Barne Zoriontasun Gordina kontzeptuan oinarritzen dira herritarren egoera aztertzeko, 1972an Bhutango erregeak asmatutako kontzeptua.