“Argia Eguna, irailak 27” titularra nabarmentzen da sarea eta kaleak bete dituzten afixetan, baina ARGIAtar eta ARGIAzaleok osatzen dugun komunitatea batzeko ekimen sorta lehenago hasi da bidea egiten: Irailaren 24ko Independentzia ikusmiran mahai-inguruaren ostean, luxuzko aperitif musikalak girotu zuen egun seinalatuaren bezpera Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean, erredakziotik kilometro eskasera. Bertan bildutako 200 lagunek txalo zaparradarekin eskertu zuten orotariko ahots eta doinuz jantzitako emanaldi berezia.
“Musikak amesten laguntzen digu, eta gure lan taldea ere ameslari taldea da, bestelako Euskal Herri batekin amesten duena”. Hitzokin eman zion Estitxu Eizagirre ARGIAko zuzendariak ekitaldiari hasiera, kontzertua antolatzeko lanetan aritu den Joxe Anjel Arbelaitzi eta musikari guztiei esker ona adieraztea ahaztu gabe.
Sortuko dira besteak ekimenaren baitako kontzertuen moldea errepikatuz, musikariek aleka aleka egin zuten agerpena oholtzan, abesti bat edo bi kantatuz, tarteka bikoteak ere osatuta. Ez-ohiko formatu horrek, emanaldi ezin aberatsagoa izan zuen ondorio, eta ohiko kontzertuetan entzuterik ez diren zenbait kanta eraman zituen ARGIAzaleen belarrietara.
Bide Ertzean hirukoteko Imanol Ubedak esaterako, taldekideek bakarrik utzi zutela baliatu zuen Deabruak Teilatuetan taldean zeneko garaiak gogoratu eta gitarra akustikoak lagunduta Gaur euria egin du abesti ederrari hautsa kentzeko. Pier Paul Berzaitzek bestalde, pianoak eta gitarrak babestuta, GUK taldearen Geroa esperantzaz beterik kantua erreskatatu zuen bere dotorezia finarekin.
Damba taldea bere ahots sendoaz janzten duen Estitxu Pinatxok ere pianoa izan zuen lagun bere abestietan; Soul kutsuko bizpahiru abestiri esker, taldekideekin denean baino are gehiago nabarmendu zen kanturako duen gaitasuna. Pinatxoren ahotsak lagundu zuen gaueko beste kanta ez-ohikoetako bat, Pettik urrian kaleratuko duen disko berrian izango dena: Erramurik gabeko gaua du izena eta Harkaitz Cano lasartearraren hitzak ditu.
Anarik bestade, ohikoak izanagatik, gogoratzeko modukoak diren Efemerideak eta Ihia abestiak eskaini zituen lehenengo agerpenean, ARGIAri bizitza luzea(goa) opa ondoren. Hamaika koloreko ahots gama osatuz. Ohi bezain fin aritu ziren Izaki Gardenak taldeko Jon Basaguren nafar gasteiztartua eta Mikel Urdangarin ere. Azken honek desobedientzia musikala praktikan jarri eta (ustez) gidoiaren arabera zegozkion abestiak kantatu beharrean, Kirmen Uriberen hitzetan oinarritutako bi kantu eraman zituen oholtzara.
Instrumentu eta taldekide kopuruari dagokionez, Alboka taldearen emanaldia izan zen gaueko ale bereziena. Alan Griffinek, “munduko alboka jole irlandar onenak eta bakarrak”, gidatuta, folk doinuak ekarri zituen boskoteak. Horren gazteak ez direla gogorarazi zuten, euretako bi duela 22 urteko ARGIA Egunean izan zirela azpimarratuta.
Zerrenda luzea osatuz, kultur etxeko oholtzan izan ziren Bob Dylan, Leonard Cohen eta Ruper Ordorika ere; Anari, Petti eta Jon Basagurenen bertsio finek bertara ekarrita. Ongi egiten denean, bertsiogintzak fruitu bikainak eman ditzakeela erakutsi zuten beste behin.
Pier Paul Berzaitz eta Mikel Urdangarinen duoak eman zion emanaldiari amaiera, txalo beroen artean, gainontzeko musikari guztiak ere oholtzan zirela. Txalo zaparrada horrekin, eta jada ordulariak irailaren 27a hasia zela gogoratzen zuela, egin zuten denek, pixkanaka, etxerako bidea, gehienek behintzat, goiz goizetik Usurbileko zitara joateko asmoz.
Bertan, musikaz blai hasitakoa Eñaut Elorrieta, Emon, Behi Bi Blues eta Esther Sound Sisterren emanaldiekin amaituko da, ARGIAzaleen eta musikazaleen gozamenerako.
Informazio gehiago:
Lasarte-Oriako Txintxarri hedabideak kontzertuko irudiak bildu ditu bideo honetan.