argia.eus
INPRIMATU
Beziersko auzapezaren milizia herritarra bertan behera utzi du epaitegi batek
  • Montpellierreko (Okzitania) auzitegiak atzera bota du Beziers hiriko alkateak herritarren milizia osatzeko abenduaren 1ean argitaratutako udal araua. Fronte Nazionalaren gertukoa den Robert Menard alkatearen enegarren erabaki polemikoa izan da.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2016ko urtarrilaren 20a
Robert Menarde auzapezak sortu nahi zuen milizia, polizia, suhiltzaile edo armadako kide ohiez osatua legoke.

Héraulteko departamenduko prefekturak bi helegite jarri ditu “Beziersko guardiaren” eraketa geldiarazteko: emergentziazko helegitea udalaren araua indarrean jartzen ez dela ziurtatzeko eta udal araua baliogabetzeko helegitea. Lehena urtarrilaren 19an onartu zuen epaitegiak eta bigarrena oraindik aztertzen ari dira. Alkatearen erabakiaren legaltasunaren inguruko zalantzak direla eta, udal araua bertan behera utzi du epaileak ikerketa martxan dagoen bitartean. Baita, “Beziersko guardiaren” inguruko informazio eta publizitatea ere.

Epaileak zehaztu du patruila herritarraren  egin beharrekoak segurtasun indarren eskumena direla, eta beraz, ezin daitezkeela herritarren esku utzi. Horretara, epaileak atzera bota du Beziersko abokatuak aurkeztutako “segurtasun indarren noizbehinkako kolaboratzailearen” ideia.

Menardek sortu nahi zuen milizia, polizia, suhiltzaile edo armadako kide ohiez osatua legoke. Emergentzia-egoera indarrean dagoenean arituko lirateke, eta udalaren helburua zen patruilek edozein “ekintza susmagarriren” berri ematea, herriko kaleak patruilatzea eta guardiak egitea eskoletan eta eraikin publikoetan. Menardek azaldu zuenez ez zuten armarik izango, baina bai Beziersko poliziarekin kontaktuan jartzeko irratia.