argia.eus
INPRIMATU
Betikoa betikotuz
  • Ez zen nolanahiko larunbata izan Bilbon. Euskara eta euskal kultura inoiz baino gehiago sumatzen zen kale bazterretan. Miribillan genuen lehen hitzordua: Bizkaiko Bertsolari Txapelketa finala jokatzen zen. Bertsolari gazteen bertsoaldi gozoekin gozatu ahal izan genuen, eta malkoren batek edo bestek ere ihes egin zigun Onintza Enbeitarekin. Dena dela, uste baino pauso azkarragoan ekin behar izan genion Kafe Antzokirako bideari, han baikenuen zain Ruper Ordorika eta bere lantaldea. Ez ginen, ziurrenik, bi ekitaldiak uztartu zituzten bakarrak izan. Hargatik beharbada, etorri zen hamarretan hastekoa zenaren ia ordu erdiko atzerapena –edo Hamar t’erdietan diskoari keinua egin nahi zitzaion?–.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko abenduaren 19a
Ruper Ordorika Kafe Antzokian (argazkia: Monika del Valle / Foku).

Urterokoa bilakatu den arren, ez da beti gauza bera izaten. Ordorikak Kafe Antzokian jotzen duen aldiro, jakin badakigu denok: gainean ditugu Gabonak. Bagenekien gau berezia izango zela, larunbateko eta igandeko kontzertuetan zuzeneko diskoa grabatuko zelako, baina baita ere, Bilboko Kafe Antzokia ospakizunetan zelako: 23 urte betetzen zituen. Urteak joan eta urteak etorri, Ruper eta ruperzaleak bertan izan diren 23 urte.

Berriki argitaratutako Bakarka diskoa zekarren esku artean Ordorikak, baina ez zen bakarka aritu oholtza gainean. Bost bat aldiz aurkeztu zizkigun taldekideak izan zituen bidelagun. Ia berrogei urte dituen Herdoilarena abestiarekin ekin zioten saioari, eta haren ostean Martin Larralde abestu zen. “Abestu zen” diot, ikuslegoan ez baitzen kanta ezagutzen ez zuen inor.

Gustura aritu ziren oholtza gainean. Ordorikaren irribarrea behintzat nabari zen saio osoan zehar. Josu Muguruza oroitzeko tartea izan zuen, hari eskainitako Ez da posible kantaren bitartez. Baita ere, betiko legez, Egunkariaren itxieraren harira egindako Zaindu maite duzun hori abesti entzutetsua. Ustekabez harrapatu gintuen, hala ere, Bob Marley zenaren Redemption song abestia gureratu zuenean. Melodia aditu orduko ingelesez abestuko zuela espero zuen nire inguruan zen batek, baina ez, euskaratu egin zuen: “Kanta dezagun, askatasun kanta”.

Bi aste zeramatzaten sarrerek agortuta, eta ikusten zen: jendez lepo zen Antzokia. Kontzertu goxoa izan zen jendearen gozamenerako. Txalo zaparrada asko izan ziren, hiruzpalau aldiz joan baitziren atseden hartzera. Errepertorio luzea du Ordorikak –nola ez, 17 disko ditu–, eta jendaurrera itzuli eta Fas Fatum bezalako kanta entzutetsu, ospetsu eta zaharrekin erantzuten zuen. Tartean izan ziren Beltzarana eta Berandu dabiltza abestiak. Azken honekin, espero bezala, amaitutzat eman zuen kontzertua. Gitarra soinetik kendu, lurrean zutik jarri eta bi eskuak bertan zituela, ikusleon txaloen artean ito zen. Maitekiro agurtu gintuen Ordorikak, ziur asko, Antzokiak urteotan guztiotan eskainitako maitasuna eskertze aldera. 23. negua du Antzokiak, eta Ruperrek, 23. negua Antzokian.