argia.eus
INPRIMATU
Diabolo Kiwi taldeko Leire Iribarneren heriotza
Betiko iraun dezala

Xalba Ramirez @xalbaram 2022ko urtarrilaren 31
Argazkia: Begipuntuan

2021eko urriaren 16a. Lanetik 20:00etan atera, larunbata izan arren, eta lagun bat autoan pasako dela nire bila. Diabolo Kiwik Uhin Galduak, lan mundiala kaleratu eta Izpuran (Nafarroa Beherea) aurkeztuko du. Eta taldearen bi fan handienek bertan egon behar dute.

Hamar urte lehenago, ihes egin behar izan nuen Marlaskaren sarekada baten ondorioz, lau hilabetez etxe batean ezkutatuz. Izpurako areto horretan bertan agertu ginen Toastibarreren Polizia porkeria abestuz, 2011ko otsailaren 11n Euroaginduaren kontrako kanpaina abiatzeko, garaztarren eta baxenabartarren sostengu eta maitasuna jasoz. Zorretan nago ordutik.

Areto berezi horretan, bada, elkartu dira Kuartz taldearen ostean, Julen Etxeberri, Allande Etxeberri, Amaiur Epher eta Leire Iribarne laukote zoragarria. Adjektibo kalifikatzaileak ez dira nahikoak deskribatzeko egin genuen dantza guztia. Zeinen pozik egin genuen dantza. Jabik dio urteetan ikusi duen kontzerturik hoberena izan zela.

Musika den-dena izan daitekeelako momentu batean.

Abenduan, hau idatzi nuen ARGIAn: “Iribarne-Olhagaraitarrek urte ederra eman digute. Diabolo Kiwi, Habia eta Bloñ taldeekin urteko hiru disko berezienak kaleratu dituzte Leire eta Maia ahizpek, nork bere bidetik, musikaren iturri zabala hedatuz. 2022ak emango duenaren zain”. 2022 madarikatuak ekarritako bizitzaren putakeria hau ez zuen inork espero.

2022ko urtarrilaren 28a. Leire Iribarne Olhagarai auto istripu batean hil da. Hiru hizki besterik ez ditu ‘hil’ hitzak, baina nolako mina ematen duten entzutean, irakurtzean, idaztean. Leire moduko erraldoi baten ondoan, are mingarriagoak.

Egungo euskal kantarien artean talentudunenetakoa zen, ahotsarekin nahieran mugitzeko gai –ze bidegabea iraganean idatzi behar hau–. Hiatus Kaiyote, Nina Simone edo Ariana Grande zituen maitatzen, jazzaren iturritik edaten zuelako. Beraiek ere maitatuko zuketen Leire, ezagutuz gero. Abesten zuenean, bere Olhagarai begi urdin erraldoiekin, bazenekien ongi pasatzeko tenorea zela, kokinkeria orok beste egun batean amaitu behar zuela.

Markotx Iribarne aitak onartu dit gaur: azkar joan da, baina indarrez ari zen bere ametsak betetzen, bere bidea urratzen. Gogotik ari zen bizitzen. Eta “hartua dena, hartua da, gogoratu”. Bere musika geratu da, eta “berarekin izandako uneak luzerako harribitxiak”. Indarra badute soberan Lasan, kuraia onena ere doakiela.

“Diabolo Kiwi Euskal Herriko talde hoberena da, edo izango da” ere idatzi nuen iazko irailean. Orain ezin dut besterik pentsatu. Leirek eta bere inguru guztiak duen bizipozaren laurdena bagenu egunerokotasunaren katean lotuta gaudenok toki ederra litzake mundua.

DBKren grooveak betiko iraun dezala, beraz. Eta Leirerenak zer esanik ez. Gogoratuko dugu gaur, bihar eta, batez ere, etzidamu. Eta, ahal dela, kokinkerietan.