argia.eus
INPRIMATU
Aviron Bayonnais errugbi taldeko presidentea
“Beti erran didatenez, Euskal Herrian emazteak sukaldean gelditzen dira”
  • Kazetarien aitzinean izanik ere, lasai asko aritu dira irakurketa matxistak zabaltzen Aviron Bayonnais Campus formakuntza gunearen inaugurazioan. Jean-Jacques Lasserre politikari ezagunak ere egin ditu gisa horretako adierazpenak:  "[Errugbilarien zapaten] kranpoiak oso garbiak dira. Nire emazteari zapatak nola garbitzen diren erakutsi beharko litzaioke". Gizonen artean ospatu dute gunearen irekitzea.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko ekainaren 01

 "Proiektuak AB Etxea du izena. Etxea euskarazko etxea da. Eta beti erran didatenez, Euskal Herrian emazteak sukaldean gelditzen dira". Aviron Bayonnais errugbi taldeko lehendakari Philippe Tayeben adierazpenak dira, maiatzaren 30ean buruturiko AB Campus formakuntza gunearen inaugurazioan egindakoak. Emakumeen presentzia eskasaz galdetu zion kazetariak eta hori eman zion erantzun gisa.

Direla kirol taldeko kideak, hautetsiak zein gunearen eraikuntzan parte harturiko eragileak, gizonen arteko topaketa izan zen inaugurazioarena. Beste behin ere, bakarrik gizonak lehen lerroan eta argazkian. Errugbi profesionalerako formakuntza gunearen aurkezpen irekia eta publikoa izan zen asteartekoa eta emakumeentzako ez zen lekurik.

Lasserre hautetsiaren jarrera sexista

Gizonen artean gizonkerian zeingehiagokan zirela, Jean-Jacques Lasserre politikari ezagunak ere bota zituen adierazpen sexistak. Kazeta.eus-ek jaso duenez, horra hitzez hitz errandakoa: "[Errugbilarien zapaten] kranpoiak oso garbiak dira. Nire emazteari zapatak nola garbitzen diren erakutsi beharko litzaioke".

Bertan zegoen kazetari batek adierazpen horien larritasuna azpimarratu bazien ere, berdin-berdin segitu zuten, inolako barkamenik edota traba sentsaziorik plazaratu gabe.