argia.eus
INPRIMATU
“Beti bullyingaren biktima eskolaz aldatu beharrean, erasotzailea kaleratu beharko lukete”
  • Bullyingaren biktima izan ohi da beti edo ia beti eskolaz aldatzen dena, baina sistema justu batean, erasotzailea kaleratu beharko luketela adierazi du ikastetxe bateko zuzendariak. Eztabaida piztu du gaiak, afera konplexuagoa dela azaleratuz.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko ekainaren 14a

Eskola batetik bestera bakarrik ez, ikastetxe berean baina gela batetik bestera ere mugitzen dituzte ikasleak, eta sarri jazarpena jasaten dutenak dira aldatu behar dutenak. “Injustizia” honen kontra eta zuzendariaren hitzen alde egin du askok sare sozialetan, baina “soluzio” horren itzalak agerian utzi ditu hainbatek: batetik, sarri talde fenomenoa da bullyinga, ez dago erasotzaile bakarra, taldeak babestutako jazarpena eta kutsatutako giroa baizik; bestetik, batzuetan, hain dago kakaztuta egoera, zigorra baino gehiago arnasa dela biktimarentzat eskolaz aldatzea, ikastetxe berean jarraitzeak sufrimendua areagotuko liokeelako eta hark behar eta nahi duena entzutea jarri behar da lehen lerroan; hirugarrenik, jende ugarik nabarmendu du arazoa gainetik kentzea eta arazo hori beste leku batera eramatea dela erasotzailea beste ikastetxe batera mugitzea, eskuak garbitu ordez aurre egin behar zaiola gertatzen ari denari.

Bullyingaren aurkako protokoloek maiz huts egiten dutela eta fokua erasotzailearengan jarri behar dela, horretan ados dago gehiengoa: batzuen ustez eskolaz aldatu ordez bestelako zigorren bat eraginkorragoa litzateke (komunitatearentzako zerbitzuren bat egitea, astebetez etxera bidaltzea…). Beste batzuen esanetan, zigorra ez, lanketa da behar dena: arazoaren errora jo eta erasotzailearen jarrera eta egoeratan sakondu, harekin orpoz orpo aritu, behar izanez gero orientatzailea, psikologoa, gizarte zerbitzuak… baliatuz. Behar bezalako lanketa batek, baina, denbora eta baliabideak eskatu ohi ditu.

Eta gurasoek zer diote?

Erasotzailearengan bakarrik ez, askok gurasoengan ere jartzen dute fokua, jazartzen ari den ikaslearen jarreran eragiteko etxekoen esku-hartzea erabakigarria delakoan. Beste era batera esanda, gurasoei dagokie gazte horren jokabidea aldatzen saiatzeko ardura hartzea, dio hainbatek.

Kontuak kontu, kasuak eztanda egin duenean hartu beharreko unean uneko erabakien gainetik, prebentzioa eta epe luzerako estrategiak izan beharko lukete bidea, gaiaz behin eta berriz hitz egitea, jazarpen egoerez eta horietan parte hartzen duten rol ezberdinez (Kiva metodoak egiten duen gisan) eta elkarren arteko hartu-emanen eraginaz jardutea eskolan (Oiartzungo ikastolan bezala), harreman osasuntsuak eraikitzea helburu.