argia.eus
INPRIMATU
Betharrametik Uztaritzera, ikastetxe katolikoetako indarkeriak argiratzeko lekukotasunak
  • Lestelle-Betharramgo (Biarno) ikastetxe katolikoko indarkeria eta bortxaketa kasuen salaketek beste ikastetxe katoliko batzuen gainean jarri du fokua. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Uztaritzeko San Frantses Xabier kolegioan pairaturiko indarkeria kasuak azaleratu dira azken egunetan. Oraingoz, 30 bat lekukotasun bildu dituzte, baina baliteke gehiago ere etortzea.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko otsailaren 27a
Uztaritzeko San Frantses Xabier kolegioa.

Iazko urri hastapenean hasi ziren Lestelle-Betharramgo (Biarno) ikastetxe katolikoko apez eta zaindari ohien indarkeriak argiratzen eta horien kontrako salaketak jartzen. 1960ko eta 1990eko hamarkaden artean pairaturiko indarkeriengatik edota bortxaketengatik, orotara 112 lekukotasun eta 72 salaketa aurkeztu dituzte –baina hitza hartu duten ikasle ohiek zehaztu dutenari segi, gehiago etorriko dira–.

Bertan gertaturikoak oihartzun egin die Uztaritzeko (Lapurdi) San Frantses Xabier kolegio katolikotik pasatakoei ere. Bietarik pasatako ikasle ohi baten salaketak jarri du fokua Uztaritzeko ikastetxearen gainean, hain justu, bertan ere bortxatua izanagatik jarri duelako salaketa. Uztaritzeko kolegioan zegoela, 1983. urtean "bortxaketa, tratu-txarrak eta kolpeak" jaso izan zituela zehazten du otsailaren 17an aurkezturiko salaketan. Lapurdiko ikastetxe horri dagokionez, oraingoz, beste 30 bat lekukotasun bildu dituzte, direla indarkeria fisikoak zein psikologikoak, humiliazioak edota bortxaketak argitaratuta. Betharramgo kasuan bezala, Facebook sare sozialetik abiatu da pairaturikoa salatu eta kolektiboki erantzuteko dinamika.

Lestelle-Betharramgo ikastetxetik pasatako Alain Esquerrek bazekien: "Hamaika Behtarram agertuko dira Frantzian". Hori ari da gertatzen, azken egunetan inguruetako beste hainbat ikastetxe katoliko direlako jomugan: Monléon-Magnoac (Pirinio Garaiak) Notre-Dame de Garaison ikastetxea, Akizeko (Landak) Notre-Dame du Sacré-Cœur... Mediabask komunikabideari Donapaleuko Etchecopart ikastetxea ere aipatzen dio, Betharramgo auzian aipatzen den Carricart apezak ikastetxe horretan jardun zuelako 1982 eta 1988 urteen artean. Ez du dudarik, hor ere, "bortxaketak egon zirela".

Erasotuen arteko sareak indarra ematen badie ere, ez da ariketa erraza iraganeko traumei begira jartzea: "Nire buru osasuna zaintzen dut orain. Ehortzi genituen gauza asko berriz jalgitzen dira, eta, psikologia mailan, saiatzen gara ziklo negatibo batean ez erortzen", azaldu dio Berria-ri Michel izeneko erasotu batek.

Ondokoa adierazi du Uztaritzeko San Frantses Xabier kolegioko zuzendaritzak sare sozialetan: "Ez dugu uste gure begirada bizkor desbideratu dezakegunik, ezta erran dezakegunik ere guri ez doakigula, gertaera horiek aspaldikoak izango direlakoan. Testigantza horiek ez dira iraganari begira soilik, gaurko egunean behartzen gaituzte entzutera, ulertzera eta ekitera".

Mediapart aldizkariak hilabete honetan ateratako adierazpen eta dokumentuek erakusten dute Frantziako Lehen ministro eta Paueko (Biarno) auzapeza den François Bayrouk 1990eko hamarralditik bazuela gertakari horien berri. Bayrouk gezurtatu egin du informazioa, baina lekukoek dioten gisara, "denek zuten Betharrameko indarkerien berri". Funtsean, erasotu batek salaketa jarri du Bayrouren kontra, "delituak eta faltak ez salatzeagatik".

Betharramgoaren ikerketa aitzina doa

2024. urte hastapenean abiatu zuen ikerketa juridikoa Paueko auzitegiak, eta prokuradoreak lehen urratsa eman zuen iragan astean. Bere agindupean, hiru gizon atzeman zituzten otsailaren 19an Biarnon, eta atxiloaldia bururaturik, horietako bi aske utzi zituzten, legediari segi, egotzi zizkieten ekintzak aspaldikoak zirelakoan. Frantziako Estatuan, preskripzio epea hamar urtekoa da sexu indarkerien kasuan, baina 20 urtekoa da hamabost urtez petitakoa izan bazen erasotua eta 30 urtekoa, berriz, bortxaketen kasuan.

Hirugarrenari dagokionez, epaileak behin-behineko espetxealdia agindu zuen, otsailaren 21ean. Bi delitu larri egotzi dizkio, batetik, 1991 eta 1994 urteen artean hainbat bortxaketa burutu izana, bestetik, 2004an 15 urtepeko ikasle bati sexu-erasoa egin izana.

Paraleloki, iragan azaroan burutu zuten topaketa bat biktimen eta Betharramgo kongregazioko ordezkarien artean. "Betharram ez da libratuko txekeak banatuz, urrunago joan behar da", nabarmendu zuen orduan erasoak salatu zituen pertsonetako batek.