argia.eus
INPRIMATU
Betharramen jasandako indarkeria fisiko-sexualaren biktimak eta ikastetxeko ordezkariak, aurrez aurre
  • Biarnoko Lestelle-Betharramgo ikastetxe katolikoan ikasleek urtetan sufrituriko indarkeria fisikoa eta sexu-abusuak argitara eman ostean, biktimen eta Betharramgo kongregazioko ordezkarien lehen topaketa lotu dute, biktimei entzutea helburu. "Betharram ez da libratuko txekeak banatuz, urrunago joan behar da", nabarmendu du erasoak salatu zituenetako batek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko azaroaren 13a
Biktimak aspalditik ari dira elkarrizketa eskatzen.

Zuberoatik hurbil dagoen ikastetxe honetan, bai salatzaileen artean bai erasotzaileen artean Euskal Herriko jendea dago. Ekaina hasieran, ehun testigantza inguru atera ziren argitara, eta handik hilabetera, kasik beste 30 salaketa jarri zituzten, indarkeria, bortxaketak eta sexu-eraso larriak tarteko. Biktimek salaturiko kasu batzuk oso gogorrak dira, eta 12 urteko mutikoa bortxatu zuen begiralea oraindik ere bertan lanean ari zela azaldu genuen ARGIAn, pasa den uztailean.

Salaketak beren bidea egiten ari dira Paueko Auzitegian, baina testigantzak biltzen ari dira oraindik eta luzerako kontua izan daiteke. Antolatutako topaketa ez dator prozesu judiziala ordezkatzera, osagarri izan nahi duela adierazi du topaketaren antolatzaile eta bitartekari den Frantziako Justizia eta Demokraziarako Institutuak, Kazetak jaso duenez.

Kongregazioari biktimak entzuteko gune bat irekitzea da asmoa, "bere egoitzan jazotako gertakariek izan dituzten ondorioez jabetu dadin"

Salatzaileak aspalditik ari dira elkarrizketa eskatzen, eta hain justu, biktimari hitz egiteko aukera zabaltzea eta Betharramgo Jesusen Bihotz Guztiz Santua kongregazioari haiek entzuteko gune bat irekitzea da asmoa, “bere egoitzan jazotako gertakariek izan dituzten ondorioez jabetu dadin, horrela prebentzioa hobetzeko”, diote Institututik. Xedea ez da inolaz ere biktimen eta erasotzaileen arteko topaketak antolatzea.

Lehen topaketan, alde bakoitzak izendaturiko pertsonek hartuko dute parte eta ez dira erasotzaileak egongo, Kazetaren aipatu artikuluan azaldu dutenez. Lehen solasaldi horretako parte-hartzaileek erabakiko dute beste topaketa batzuk egin ala ez, eta zein modutan.