111 Akademiak kaleratzen duen Beterriko liburua paperezko literatur aldizkariak ez du gehiago argirik ikusiko, abendukoa izango da azkeneko alea. Akademiaren esanetan azken asteetan jakin dute erakundeek diru-laguntzak asko jaitsiko dizkietela eta horren ondorioz erabaki “mingarria” hartu dute: aldizkaria ez argitaratzea. Akademiaren gainerako ekimenekin eta akademiarekin berarekin zer egin, datozen egunetan erabakiko dute: “Ezin da baztertu bere jarduna bertan behera utzi behar izatea ere”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bi urtetan %60 jaitsi dio diru-laguntza 111 Akademiari eta Eusko Jaurlaritzak %65 aurten bakarrik. Jaitsieraren berri urte amaieran eduki izanak 20.000 euroko galera ekarriko dio akademiari eta ezinezkoa dute halako kopurua bere gain hartzea, Amaia Goikoetxea akademiako eragileak azaldu duenez. Akademiak erakunde publikoekin hitz egingo du gutxieneko egitura bati nola eutsi aztertzeko.
Duela 17 urte hasi ziren Beterriko Liburua literatura saria ematen; irakurle eta literaturazaleen artean ebazten den saria da, 187 akademiakideen artean aukeratua hain zuzen ere. 1997az geroztik Beterriko liburua aldizkaria kaleratu dute, 56 ale guztira. 111 Akademiak 2008an hartu zuen izaera formala; juridikoki Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren baitan dago antolaturik.