argia.eus
INPRIMATU
Beterriko enpresa eraldatzaileek etorkizuneko bideorria adostuko dute
  • Beterri-Buruntza eskualdeko enpresa eta eragileak biltzen dituen Beterri Saretuz programaren azken saioa egingo dute ostegunean Astigarragan. Erronka berriak zein diren eta aurrera begira nola antolatuko diren aztertuko dute.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko ekainaren 17a
Hernanin beste eskualdetako sareen esperientziaren berri izan zuten maiatzean (arg: Emun)

Parte-hartzean oinarrituriko enpresen eskualdeko ekosistema bat sortzeko bidean, bigarren ikasturtea amaitzear du Beterri Saretuz programak eta ostegun honetan izango dute azken saioa, Astigarragan. Saio garrantzitsua izango dela azaldu dute, ikasturteari itxiera emateaz gainera, hurrengo urterako erronkak identifikatu nahi baitituzte, eta horien aurrean nola antolatuko diren erabakiko dute.

Beterri-Buruntza eskualdeko enpresa komunitarioak, hezkuntza eragileak eta erakundeak biltzen ditu Beterri Saretuz-ek eta otsailean ekin zioten ikasturte honetako programari, herriz herriko sei hilabeteko egitarau zabalarekin. Bidean, beharrak asetzeko saioak egin dituzte, ahalduntzea eta zaintzaren ingurukoak besteak beste, interkooperazioa ere landu dute eta beste eskualdeetako esperientziak ezagutu. Gainera, enpresa eta eragileen artean harremana sendotzeko bilkurak antolatu dituzte.

Hain justu, ostegun honetan Astigarragan egingo duten saioaren helburu nagusietako bat izango da hemendik aurrera sarea nola antolatuko den erabakitzea. Programa 2019ko azaroan abiatu zen Hernaniko Oronan, eta Gipuzkoako Aldundiak eta Beterri-Buruntza Udalak-ek lagunduta ekin zioten enpresa parte-hartzaileen ekosistema sortzeari. Hemendik aurrera zein ildo eta bide hartuko duten adostuko dute beraz.

Bi urteotan Beterri Saretuz-ek egin duen lan garrantzitsuenetako bat, enpresa komunitario eta eragileen elkar ezagutza bultzatzeaz gain, langileak enpresetan parte-hartzeko eta lurraldean inplikatzeko gida bat (pdf) sortzea izan da, hainbat gako jorratuz: formazioa, pertsona erdigunean jartzea, elkartasun balioen sustapena, ahalduntzea, alderdi finantzario eta fiskala, eta aitortza.

Baliabide hori eskuan, iaz aztertu zuten ekonomia sozialeko enpresak zein egoeratan zeuden pandemiaren eraginez, eta ondorioztatu zuten zailtasunei aurre egiteko garrantzitsuak izan direla gako horiek.